Skip to main content

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dugun helburu nagusia gure ikasleei gizarteratzeko behar dituzten tresnak ematea eta gure irteera profila duten ikasleak heztea da: komunikatzaileak, ekintzaileak, sortzaileak, autonomoak, zoriontsuak, konprometituak, kritikoak, prestatuak eta euskaldun eleanitzak. 

Horretaz gain, elkarlanean jarduten, arazo ezberdinei aurre egiten, proiektu eta erronka ezberdinak ebazten, proba ezberdinei erantzuten eta autonomiaz jokatzen dakiten ikasleak trebatu nahi ditugu.

EKI

Helburu hauek guztiak lortzeko, Armentia Ikastolan EKI metodologia erabiltzen dugu. Ikastolen Elkarteak sortutako ikasmaterialen artean dagoen proiektua da, eta DBHn eta LHn ezartzen da. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza funtsezko etapa dugu ikaslearen garapen osoan, bai lehendik egindako lanaren jarraipena egiten delako, baita ikaslea bere ibilbidean aukerak egiten hasten delako ere.

Euskal curriculuma abiapuntu harturik eta ikaslearen irteera-profila erreferente nagusia izanik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektua eskaintzen du eki DBH proiektuak.

Ikasleak ikas-egoera esanguratsu eta konplexuen aurrean jarriko ditugu DBHko proposamenetan. Irakaslea bidelagun dutela, jakintzak eskuratzeko, integratzeko eta egoera berrietara transferitzeko gai izango dira. Ikaslearen irteera-profila garatzen lagunduko duten konpetentzia espezifikoez gain, funtsezko konpetentziak ere lantzen dira ikas-arlo guztietan.

Halaber, ikaslearen garapen osoa aintzat hartzen duen ebaluazio hezitzailea proposatzen du, eki proiektuak, behaketan, jarraipenean eta eguneroko lanean oinarritua; irakasteko zein ikasteko prozesuak hobetzeko tresna gisa ulertzen baitu ebaluazioa.

Hobeto ikasteko prozesuetan jartzen du azpimarra eki DBHko konpetentzien ebaluazio proposamenak, ez da azkenengo emaitzan soilik oinarritzen.

Informazio osatua, Ikastolen Elkarteko webgunean: EKI - DBH