Armentia Ikastolak 1992-1993 ikasturtean ireki zituen bere ateak Gasteizko guraso batzuen iniziatibaz. Beraien seme-alabentzako eskola euskalduna ta berritzailea nahi zutelako ekin zioten Ikastola sortzeko prozesuari. Hezkuntza Sailaren baimenik gabe hasi zuen bere ibilbidea eta hasierako urte haietan Armentia Ikastolak ezinbestekoa izan zuen Arabako eta Euskal Herriko gainerako ikastolen laguntza eta babesa. 1995ean lortu zuen lehen baimena.
17 ikaslerekin hasi zuen bere ibilbidea Armentia Ikastolak. Haur Hezkuntzako eta batxilergoko gelak izan ziren martxan jarri zirenak. Haur Hezkuntzako gelak handitzen joan ziren eta Batxilergoa desagertuz joan zen. Ikasleak ikaste-prozesuan aurrera joan ahala, mailak osatzen joan zen Ikastola eta 2017-2018 ikasturtean berriz jarri zuen martxan batxilergoa.
2018-2019 ikasturtean atera da ikaste-prozesua osorik Armentia Ikastolan egin duen lehen belaunaldia.