Arte Hezkuntzaren baitan, arte adierazpen modu desberdinak lantzen diren eremuak aurkitzen ditugu; hala nola, Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza, Musika, Arte eszenikoak eta Dantza.
Gizateriaren historian zehar, arte adierazpenak gizakiaren behar izan dira. Historiaurreko pentsamendu sinbolikoaren baitan, magia sinpatikoaren alorretako errituekin harremanean, arte adierazpenak garenaren esentzia adierazteko bidea izan dira. Gaur, Artea izateko, adierazpenerako, komunikaziorako eta aldaketarako tresna, motorra da; gure eta inguruneko errealitatea ezagutzeko, interpretatzeko, zein esanahi eta errealitate berriak eraikitzeko. Izan ere, aldaketa gizabanakoa denaz eta gizartea denaz kontzientzia hartzean hasten da; aldatu ahal izateko, ikusi, sentitu, begiratu, joan nahi dugun tokirantz bideratzeko energia sortu eta adierazpen ekintzarako energia hau baliatu ahal izateko.
Onura horiek guztiak kontutan izanik, Haur Hezkuntzatik hasita Batxilergora arte ikasleen gaitasun artistikoa garatzen duen proiektua da gurea, diziplina ezberdinak landuz inguratzen gaituen errealitatea ulertzen, interpretatzen eta bertan esku hartzen/eragiten laguntzen diguna. Ikastola sormenerako espazioa den heinean, adierazpen artistiko desberdinek lekua daukate proiektu honetan. Pertsonak, pertsona denetik, harreman estua izan du artearekin. Azken batean, arte adierazpenek ikusten, sentitzen eta pentsatzen duena adierazteko eta komunikatzeko balio izan diote.
Ahozkotasuna, musika, plastikako, ikusizko eta ikus-entzunezko hezkuntza, dramatizazioa, antzerkigintza eta dantza eskaintzen ditugu ikaslearen ibilbide osoan adinaren eta mailaren arabera lanketa bat ala beste eginaz.