Euskal Curriculuma
Euskal kulturaren transmisioari erreparatzen dio Euskal Curriculumak eta bi asmo ditu: Euskal Herriaren eta munduaren kultur ondarearen erreferentzia komunak partekatzea eta eleaniztasun eta kulturartekotasun planteamenduak integratzea, are gehiago euskal gizartea eleanitza eta kulturanitza izanik.
Konpetentzia orokorrak
Oinarrizko konpetentzia orokorrak lantzera bideratutako ikasketa-prozesua. Egun honako hauek dira zehaztuta dauden konpetentzia orokorrak: komunikatzen ikasi, pentsatzen eta ikasten ikasi, egiten eta ekiten ikasi, norbera izaten ikasi eta elkarrekin bizitzen ikasi.
Integrazioaren pedagogia
Integrazioaren pedagogiaren bidez, benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ikasten dute. Irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta taldean moldatu, arazoen irtenbideak erdietsi eta ikasi dutena egoera berrietan aplikatzen dute.
Euskara
Lantzen ditugun hizkuntza guztiak modu berean jorratzen ditugu, erabileran oinarritutako ikas-irakaskuntza prozesuaren bitartez, horrela euskaran ardazturiko hizkuntzen trataera bateratua bultzatuz.
Konpetentzia digitala
Ikaslea hiritar digital arduratsua eta trebea izatea dugu helburu eta horretarako digitalizazio-prozedurak ikas-arloetan integratuta daude, erabileran trebatuz ikasteko. Arloetan integratzen dugu konpetentzia digitala.
Eskuhartze kooperatiboa
Pertsonok besteekiko harremanetan ikasten dugula sinisten dugu, bai helduarekiko baina baita parekidearekiko interakzioan ere eta zentzu honetan ulertzen dugu eskuhartze kooperatiboa, elkarrengandik ikasteko duten gaitasunean. Gure jardunaren helburua eskuhartze hori gela egoeretan gauzatzea da.