Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dugun helburu nagusia gure ikasleei gizarteratzeko behar dituzten tresnak ematea eta gure irteera profila duten ikasleak heztea da: komunikatzaileak, ekintzaileak, sortzaileak, autonomoak, zoriontsuak, konprometituak, kritikoak, prestatuak eta euskaldun eleanitzak. 

Horretaz gain, elkarlanean jarduten, arazo ezberdinei aurre egiten, proiektu eta erronka ezberdinak ebazten, proba ezberdinei erantzuten eta autonomiaz jokatzen dakiten ikasleak trebatu nahi ditugu.

EKI

Helburu hauek guztiak lortzeko, Armentia Ikastolan EKI metodologia erabiltzen dugu. Ikastolen Elkarteak sortutako ikasmaterialen artean dagoen proiektua da, eta DBHn eta LHn ezartzen da. 

Metodologia honen bidez, ikasleak, egoera erreal baten aurrean, arazo honi irtenbide egokia emateko behar dituen baliabideak erabiltzen, oinarrizko jakintzak bilatzen eta erabiltzen ikasiko du (edukiak edo oinarrizko jakintzak ezagutu, landu eta bereganatu). Bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen saiatu behar du, eta ikasi duena egoera berrietan erabili; hots, jakintzak transferitu behar ditu.

DBHren kasuan, Euskal Curriculuma abiapuntu harturik eta ikaslearen irteera-profila erreferente nagusia izanik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektua eskaintzen du EKI DBH proiektuak.

Informazio osatua, Ikastolen Elkarteko webgunean: EKI - DBH