“Elkarrekin eta norabide berean arraun egitea lortu behar dugu”

Joan den astean abiatutako bideari jarraituz, aste honetan Kontseilu Errektorea osatzen duen beste guraso bat ezagutuko dugu. Marta Correak bigarren ikasturtea du bertan, baina ez da lehen aldia Ikastolako parte-hartzerako egituretan aritzen dena.

Zergatik sartu zinen Kontseilu Errektorean? Noiztik zara bertako kide? Ikastolako beste egituretan parte hartu duzu aurretik?

Kontseilu Errektorean kideak behar zirela, eta horregatik animatu nintzen. Aurtengoa bigarren ikasturtea dut. Baina lehen ere Kontseilu Errektorea ezagun nuen. Guraso Elkarteko, Armentxoko, kide nintzen; eta haren izenean joaten nintzen Kontseilu Errektorera.

Zein funtzio betetzen duzu bertan?

Idazkaria naiz bertan, eta akta jasotzeaz gain, beste kontseilukideen funtzio berberak ditut. Bileretan urteko plangintzako puntuak zein unean-uneko arazoak tratatzen ditugu. Gure helburua da gaiak ahalik eta hobekien bideratzea; betiere, ikastolaren ikuspegi orokorra galdu gabe; eta, jakina, ahaztu gabe kooperatiba garela.

Zer egin dezake Kontseilu Errektoreak gurasoen iritziak bideratzeko?

Lehen pausua komunikazioa da, hartu-emana egon behar du. Horregatik, familia guztien eskura jarri ditugu gure helbideak webgunean. Helburua da komunikazioa bermatu ahal izatea.

Dena dela, jakitun gara familien komunikazio-kanal zuzenena tutorea dela. Eta egunerokoan hara jotzen dutela, baina gu prest gaude familiei entzuteko.

Zer eskatuko zenieke familiei?

Batzuetan, ematen du alde batean familiak eta beste aldean Kontseilu Errektorea dagoela. Gu familien parte gara, eta familiek aukeratu gaituzte; ordezkariak gara.

Beraz, elkarrekin eta norabide berean arraun egitea lortu behar dugu. Seguru naiz, indarrak batzen baditugu, Armentia Ikastola indartuta aterako dela.