KONFINAMENDUAN BERTSOAK GARAILE
Konfinamenduan zehar Eskolaz Kanpoko Ekintza gehienek etenaldi bat izan badute ere, beste egoera askotan lez, Bertxilikako bertso eskolek -kurtso batzuetan behintzat (LH4 eta DBH2)- aurrera jarrai dezaten erabaki dugu. Ez ditugu bertsoak konpromiso, lan edo karga bezala ulertzen, baina bai ikasketa modu gisara. Hori dela eta, gure abilezi eskasez, online bertso eskolek aurrera jarraitu dute, gure egoeratik kantuz ebaditzeko modu bat bezala ulertuz. Haurren -zein gure- sentimendu, sentsazio, ezinegon eta abarrak jaso eta konpartitzeko aukera izan dugu, batzuetan entrenamenduak eginez eta besteetan jolas bidez bertsoak landuz. Nire uste apalean, zoragarria izan da.
Inork espero ez zuen egoera honetara egokitzen saiatu gara, guztiok elkar ikusi eta elkarri zuzenean kantatzeko irrikitan bagaude ere. Gai serioei kantatzen ibili gara, egoeraz hausnartuz; barre egin dugu errepikapenetan besteen ahotsa oihartzun ez-bateratu bezala entzutean -denok gure burua ondo entzuten bagenuen ere-; bertso eskolan zehar desagertu gara, konexio kontuengatik… Baina garrantzitsuena: Ondo pasatu dugu. Elkarrekin eta elkarrentzat. Esango nuke hurrengo urtean jarraitzeko gako izan dela konfinamendu egoeran bertsotan jarraitzea, eta birus honi eta sortu duen egoerari irabazi diogu: Konfinamenduak ez ditu bertsoeskolak eten -konexio arazoek bertsoren bat moztu badute ere-.
Halaber, bertsoz gozatzea ez da gure irabazi bakarra izan. Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek (“bertxilika junior”) Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako idatzizko txapelketan parte hartu dute, eta baita irabazi ere. Urtero presentzialki burutzen den lehiaketa online egitea lortu dugu, emaitza zoragarriz gainera; eta horren ondorio izango da Irailean gozatu ahalko duten Ontza extrem abenturako saria. Zuek ere merezia dela ikus dezazuen, amaitu dezagun haien sorta elkarbanatuz:
Aroa Arrizubieta
GAIA: Nolakoa izango da mundua etorkizunean?
XX.mendean
ez zen holakorik
Kotxe_automatikoak txikitin parian baina
ai nahiago ditut nik
Beste Titanic bat bai
hegalaria dena
Gutxi hondoratzeko txikitin parian baina
ai modurik onena!
Ilunpetan ni noa
betaurrekoekin
Eguzkitakoak ordez txikitin parian baina
ai Ilargikoak egin!
Nik sukaldatzeko bai
Egin ditut klonak
Sukaldearen ordez txikitin parian baina
ai Robotak oso onak!
Gauza sinestezina
Ba al dakizu zuk?
Tabernara banoa txikitin parian baina
ai aulkia jaten dut
Kokakola bota dut
jaso behar nuen nik
Zakarrontzia dator, txikitin parian baina
ai berak jasotzen dit
Amerikara joan
nahi dut bapatean
Bidaiatu nahi badut txikitin parian baina
ai ni noa etxean
jakuzzi hegalaria
badoa bustita
Asko lasaitzen naiz ni txikitin parian baina
ai bistak ikusita
Egileak: Aiora Basterrika, Oinatz Basabea, Nora Garcia, Izei Amabizka, Urko Mendizabal eta Yago Rodriguez.