Astebeteren bueltan dugu Araba Euskaraz

Hiru gunez osatuta dago Olarizun izango den Arabako ikastolen jaia; baina aurretik, zuen laguntza behar dugu dena prest uzteko.

Aste bat besterik ez da falta urte osoko egitarauaren azken hitzordurako, hots, Arabako ikastola guztiak batzen dituen Araba Euskaraz jairako. Ekainaren 11n dugu hitzordua, azken hilabeteetan iragarri dizuegun bezala, eta Aguraingo Lautada ikastolari bideratuko zaio lortutako dirua.

Baina egun horren aurretik, prestaketa lanak egin behar dira, eta horiek dira, hain zuzen ere, aurten gure ikastolari egokitu zaizkion egitekoak. Dena ondo ateratzeko eta egun zoragarriaz gozatu ahal izateko, esku asko behar dira, eta horregatik, azken asteetan egin dugun bezala, laguntza eske jotzen dugu zuengana. Prestaketa lanetan edo Araba Euskarazeko egunean bertan parte hartu nahi baduzu, bete ezazu hurrengo galdetegia: https://forms.gle/z3HEt9L6u13CkXN9A. Benetan eskertuko dugu zuen parte-hartzea. Anima zaitezte!

Azken hitzorduaren egitaraua

Araba Euskarazek askotariko ekintza osagarriak eskaini ditu urte osoan zehar: Euskal Pilota Topaketak, Araba Euskaraz Open Series, Nazioarteko Dantza Eguna eta Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna. Egun handirako, ordea, hiru gunetan banatutako egitaraua prestatu dute:

  • 1. Gunea (Lautada): arte eszenikoak, bertsoak, Tor Magoa, zunba, Go!azenikuskizuna, Berriaren komiki tailerra, tonbola, denda, puntu morea eta elikadura eskola.
  • 2. Gunea (Mendia): Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna; Maialen Aristegi, STR, Kerobia eta Akerbeltz taldeen kontzertuak; haurren basoa; Tik-Tak Txukun! ikuskizuna; paella, taloak eta Eusko Label Gunea.
  • 3. Gunea (Erreka): euskal dantzen topaketa, dantza plaza, Trikidantz, Skabidean, Ttek! elektrotxaranga, jolasak, tailerrak, puzgarriak, arrain pintxoak, eta kukaña bizikletaz.

Olarizutik Arabara eta Arabatik Euskal Herrira:

euskarar-EKIN 

kulturar-EKIN 

kirolar-EKIN 

hezkuntzar-EKIN 

hezkidetzar-EKIN 

berdintasunar-EKIN 

elkartasunar-EKIN

herriare-EKIN ikastolar-EKIN.

 

 

*Behean duzue egitarauaren irudia.