
Bada, bai, ekaineko solstitzioa ate-joka dugu. Azken egunetan beroa sartu da gure etxeetako zirrikitu guztietara, eta Araba Euskaraz ere iraganeko kontua da 2025ean.
Gauzak horrela, beraz, udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?
Ikasturte berriari berrikuntzekin ekin genion. Batetik, patioan egindako eskuhartzea, eta bestetik, LH1-2 mailetako espazioen berregokitzapena. Horretaz gain, komunitate gisa erronka handi bat jarri genion geure buruari, hain zuzen ere, Armentia ikastola mugikorrik gabeko gune bihurtzea.
Hilabeteak aurrera joan dira, Gabonetako kantak, Agate Deuna, inauteriak… Euskaraldian fin ibili ginen, eta geure ekarpena egin genion. Sustoren bat ere izan dugu Haur Hezkuntza izandako uholdeak direla eta. Izan ere, argi izan behar dugu larrialdi klimatikoaren ondorioei aurre egin beharko diegula.
Eta noski, Armentia Ikastola ekoLOGIKOA dela aldarrikatu dugu. Halere, hausnartu beharko dugu kanpoko patioan sortzen eta bertan geratzen den zarama guztiekin. Apunta dezagun hurrengo ikasturteko agendan.
Orain, bi hilabeteko etena, berrindartzeko tenorea, eta ni neu iazko gomendioekin natorkizue beste behin: pantailak alde batera utzi eta inguruneaz gozatu, udako argitasunak karga ditzala gorputzeko bateriak. Liburu bat irakurrarazteko erronka jarri, haur eta gazte literatura aberatsa bezain anitza dugu. Aukera ezazue seme-alabekin udarako liburu bat (edo gehiago). Eta guztietan garrantzitsuena: euskaraz bizi. Izango dira euskarazko jarduerak Gasteizen, eta beraz, horietan parte hartu.
Eta emandako gomendio guztien gainetik, gozatu eta atseden hartu.
Paul Bilbao Sarria
Zuzendari orokorra
Ohiko moduan, idazkaritza goizez egongo da zabalik uztailaren 18ra arte, eta abuztuaren 25en itzuliko gara.