Skip to main content

Jalgi hadi Armentiara

“Euskara da Armentia ikastolaren bizkarrezurra, euskarak egiten gaitu ikastola, euskara gara”.

Irudia
Euskara

Paul Bilbao | Ikastolako zuzendari orokorra

Euskara, jalgi hadi plazara aldarrikatu zuen Bernat Etxeparek 1545. urtean. Hartara, 479 urte beranduago lekukoa hartu eta Jalgi hadi Armentia ikastolara berretsi dugu. Izan ere, Armentian euskaraz bizi nahi dugu, eta hori posible izan dadin hobekien dakiguna egiten saiatzen gara; batetik, euskara ez dakarten ikasleak euskalduntzen; bigarrenik, euskararen erabilera sustatzen, eta hirugarrenik euskararen erabilera erosorako espazioak sortzen. Gure komunitateak ikus dezala, senti dezala, posible dela Gasteiz erdian euskaraz bizitzea.

Eta, egia da, bai, askotan geure ikasleek euskara ikasketekin lotzen dutela, baina hori apurtzen saiatzen gara ikasturtean zehar. Euskararen Nazioarteko Eguna horretarako erabiltzen dugu, eta aurten ere horretarako erabili dugu. Argitxoren bisita izan dute Haur Hezkuntzako lagunek, eta horretan BATXIiko ikasleen laguntza izan dugu. Euskaralagunak ere bertan izan dira, euskarak laguntasuna ere badakarrelako. Horrela, LHko ikasle nagusienek lumadun txartelak oparitu dizkiete txikienei, eta elkarrekin abestu dute. Horretaz gain, gainera, ikuskizunak eta filmak ikusteko aukera izan dute. 

Gure komunitateak ikus dezala, senti dezala, posible dela Gasteiz erdian euskaraz bizitzea.

Bigarren Hezkuntzan lehen patioaren ostean ekin zioten ospakizunari: mitologiaren lanketa, filmak euskaraz, eta MIHILUZE, euskarak jolaserako balio duela erakusten duen lehiaketa paregabea.

Eguna borobiltzeko, eskola-orduak amaitutakoan, Guraso Euskara Taldeak jai polita prestatu du, eta han ibili gara dantza eta kantuka, bai eta gure barrua epeltzeko txokolate goxo-goxoa hartzen ere. Bihoakie, noski, eskerrik beroenak ikastorduetatik kanpoko jarduna antolatzen buru-belarri aritu den Guraso Euskara Taldeari, irakasleei eta ikasleei. 

Behar bezala ospatu genuen euskara abenduaren 3an, jarrai dezagun ospatzen gainerako 364 egunetan ere. Euskara da Armentia ikastolaren bizkarrezurra, euskarak egiten gaitu ikastola, euskara gara. 
 

Azken albisteak

Jakingo duzuen bezala, Gure Haurrak ere Badira ekimenak Euskal Herri mailan jardun burutu ditu ikasturte honetan zehar, Palestinako haurrei elkartasuna agertzeko: Gasteizko legebi
‘Hanka, moko, buztan’ poesia ipuinarekin aritu dira LH2ko ikasleak.
Arabako XII. Olinpiada Matematikoetan hartu dute parte gure ikasle batzuek, eta oso gustora aritu dira.
Adierazi dutenez, besteak beste, egiten den ikasleen banaketa ez da orekatua.