Otsoari beldurra? Ohe azpiko monstruoei beldurra? Heriotzari beldurra? Asko dira gure umeetan agertzen diren beldurrak, beraien heldutasunaren bidean. Horiez guztiak normalizatu behar ditugu, eta gure biziraupenerako parte garrantzitsu bezala ulertu.
Adituek esaten duten bezala, 7 hilabeteetatik aurrera, haurra emozioak sentitzeko gai da. Genetikaz aparte, familia eta inguruko testuinguruak baldintzatuko du bere izateko era eta sentitzeko modua. Hau da, esaten dugunak, egiten dugunak eta sentitzen dugunak eragina izango du gure txikiengan.
Askotan, beldurraren emozioa kezkaz eta urduritasunez bizi dugu gurasook. Seguraski guk ere ez dugulako ikasi ondo kudeatzen, eta horrek zailtasunak sortzen dizkigu laguntzerako orduan. Beldurrak aurpegi asko hartu ditzake, eta haurraren garapen momentu desberdinetan kokatu daiteke; lagungarria izateko, helduon esku-hartzea distantzia egoki batetik egitea komeni da, helduen beldurrekin ez nahasteko. Bestela, beldurra areagotzeko arriskuan erori gaitezke. Garbi izan behar dugu zein den gure beldurra eta zein haurrarena.
Batzuetan helduon diskurtso arrazionalak ez dira baliagarriak izango; arrazoitzeak ez dio lagunduko beldur erreala edo irreala izan, ez du onartuko gure kontaketa. Orduan, zerk lagundu gaitzake? Emozio hori hitzetan jartzea eta izena ematea. Hots, bizi dugun hori kontatzea, ahalik eta zehaztasun handienarekin: nolakoa da zure otsoa?, nolako ahoa dauka?, non bizi da?... Momentu horietan segurtasuna bakarrik eskatzen dute eta batzuetan ondoan egotea (entzun, gertu egon, ulertu,...) nahikoa da, errespetuz tratatuz epaitu gabe, gutxietsi gabe.
Elkarrekin estrategia batzuk landu behar dira, beldur hori datorrenean jakiteko zer egin dezakegun: margotu egingo dugu otsoa bere aurpegia ikusteko, bere indarra eta gorrotoa ikusteko, beldurra uxatzen duten panpinak sortu beldurrak kontatzeko eta arintzeko, zentzumenak erabili emozioz aldatzeko (usaimena, masajeak,..) edo umorea erabili emozioa erregulatzeko. Ez ahalik eta azkarren desagertzeko helburuarekin, baizik eta beldur hori konzienteago, errealago egiteko.
Azken finean, emozio guztiak nork bere burua ezagutzeko eta bizi kalitatea hobea lortzeko bidea izan daitezke, baldin eta entzuten badakigu.
Guraso garenean eta haurrak emozio honetan dagoenean, egonezina sortzen zaigu eta ohikoa izaten da horiek ez sentitu nahi izatea edo balioa kentzea. Emozioak ez dira ez onak ez txarrak, gizakiarenak dira ,funtzio garrantzitsu bat betetzen dute eta zerbait gertatzen ari den mezulari dira. Emozioak ditugu, beraz BIZIRIK gaude!