Gure ikastolan 1-7 urte bitarteko haurrekin psikomotrizitate saioak egiten ditugu, horretarako egokituta dagoen psiko gelan. Bi espazio daude bereiztuta, eta bertan haur bakoitzaren mugimendua, ekintza eta egiteko era jasotzen ditugu.
Espazio honek, jolasaren bitartez, haien beharretara eta zailtasunetara hurbiltzeko eta hauek baretzeko aukera ematen die. Haurrak mugimendu eta pentsamenduaren bitartez heldu eta hezten dira, eta bertan, mugimendua beraren, askatasunaren eta emozioaren adierazpenak lekua du.
Era berean, haurra segurtasunez mugitzeko sortu dugu espazio hau, autonomiaz baina galdu edo urduritu gabe, eta kontentzioa izanik. Horrela, haien ekintzak bideratzen ditugu eta zentzua ematen diegu, gertatzen zaion horri hitzak jarriz eta ulertuz.
Bidelagun gara, hau da, umeak irakaslea ondoan izango du, ulertzen laguntzeko. Figura hori alboan izatea adin horretan garrantzitsua dela ikusten dugu; behar gaituzte, nahiz eta inperfektuak izan. Zentzu horretan, ikasgai bikoitza dela esan dezakegu; izan ere, helduak (irakasleak) ere ikasten duelako, batetik, haurrek ispilu bezala funtzionatzen duten heinean, haurra bera ikusten duelako beste ikuspuntu batetik; eta, bestetik, norbera gehiago ezagutzen laguntzen dutelako. Horrez gain, haurrek bere autonomia eraikitzen dute besteekin egoten diren bitartean; izan ere, haiengandik jasotzen duten begirada, interesa eta sinesmena ekintzan jartzen dutelako.
Jolasa da abiapuntua, hura baita umeen hizkuntza. Horren bitartez, eta mina eman zein hartu gabe, esateko eta kontatzeko eskatzen diegu. Jolastu dezakeen edozein haur askeago bihurtzen da.
Laburbilduz, psiko gelan ispiluaren hizkuntza agertzen da, egiten ari diren hori deskribatzeko eta esateko, inolako epaiketarik gabe eta errespetutik. Horregatik, adierazteko era ezberdinak onartzeko eta jasotzeko gaitasunetik abiatzen dira irakasleak. Haurrek, bestalde, berezkoa duten tresnarik garrantzitsuenak eta onarrizkoenak dituzten jolasa, ekintza eta mugimendua baliatzen dute. Beraz, hau zaintzea lortzen badugu, haien etorkizuna eraikitzeko tresnak lortuko ditugu.