Haurren eta Gazteen Eskubideen Nazioarteko Egunean erabaki du Gure Haurrak ere Badira ekimenak urriaren 25eko mobilizazioaren balorazioa egitea. Zabalganoko gizarte-etxean egin da balorazioa, eta Gasteizen izanik, Euskal Herriko Ikastoletako ordezkaria ez ezik, Armentia ikastolako ordezkaria ere bertan izan da.
Urriaren 25ean Bilboko kaleak elkartasunez bete genituen, haur eta nerabe palestinarrei eta oro har palestinar herri osoari elkartasuna adierazten eta Israelgo estatuak abian duen genozidioa irmoki salatuz. Jada biltzerik ez dutenen aldeko beste urrats bat eman zen.
Bestetik 12.000 elkaltasun kamiseta baino gehiago saldu dira orain arte eta dagoeneko hezkuntzan zein kaleetan elkartasunerako lanabes bihurtzen ari dira. Zorionak guztioi!
Urrian zehar ostegunero burutu ditugun elkarretaratzeak ere ezin arrakastatsuagoak izan dira. Euskal Herri osoko 200 ikastetxe baino gehiagotan zabaldu da mobilizazioa, besteak beste, Armentia ikastolan, orain arte izan ditugun kopuru handiena. Ehundaka langile eta ikasle bildu gara elkartasun dinamika honetan.
Bestalde, osteguneroko kontzentrazioei bukaera eman bazaie ere, dei egiten dugu gure kamisetak ostegunero eramaten jarraitzeko, bai ikastetxetan, bai lanpostuetan, bai kaleetan, elkartasuna eguneroko bihurtuz.
Hamarkadak daramatzate eskubide-urraketa larriak jasaten, eta azken bi urteetan egoerak okerrera egin du. Hedabideetan gero eta gutxiago ageri bada ere, sufrimenduak ez du etenik. Asteotan gure artera iritsi diren familia palestinarrek ere harrera duina, arreta emozionala, hezkuntza eta oinarrizko beharrak bermatzea merezi dute!
Urriaren 25eko mobilizazioak eta urriko ostegunetako elkarretaratzeek erakutsi dute Euskal Herriaren elkartasun olatua. Are, euskal gizartearen elkartasun uholdeari esker, 80.000 euro bildu ditugu Palestinara UNRUWA, MUNDUBAT eta PAZ CON DIGNIDAD elkarteen bidez bidaltzeko