Skip to main content

Segurtasuna, esku batetik bestera

Egoera berriek, espazio ezezagunek edo, orokorrean, lehen aldiz hautematen dugun edozerk zalantza edo ziurgabetasun sentsazioa eragin diezagukete askotan. Umeei gauza bera gertatzen zaie Ikastola hastera doanean. Horregatik, ikasturte hasiera bakoitzean, elkar ezagutze prozesua delakoa abiatzen dugu HHko 1, 2 eta 3 mailetan.

Ikastolatik ulertzen dugu haurrak bere familia den oinarrizko elkarbizitza unitate afektibo batetik beste esparru zabalago, ezezagun eta berri batera pasatzeko denbora behar duela, eta hori da, hain zuzen ere, elkar ezagutze prozesua edo egokitzapena. Ioritz Barrenetxea HHko Arduradun Pedagokikoaren arabera, tarte horretan, umeak banaketa onartzen duen bitartean, horrek ekartzen dizkion galerak eta irabaziak sentimenduen ikuspuntutik lantzen dira. Bide pertsonala da, umea da protagonista, eta lorpena berea izango da. Bien bitartean, hezitzale eta gurasoak bidelagun izango ditu, haurraren erritmoa, ezaugarriak zein izaera errespetatuz.

Zentzu horretan, elkar ezagutze prozesua ez da ohitze-prozesu bat, segurtasuna esku batzuetatik besteetara pasatzen den unea baizik: familiako segurtasunetik ikastolako segurtasun afektibora. Prozesu hau ikasturte hasieran abiatzen bada ere, ez da garai horretan bakarrik emango; ikasturtean zehar hainbat alditan ematea da posible: asteburuetatik bueltan, gaixorik egon eta gero, oporretatik bueltan…

Hiru fase ezberdindu daitezke prozesuan: eskola hasi baino lehenagokoa, eskola hasitakoa eta egunerokotasunekoa. Ikasturteko lehen hilabetea amaitzear dela, HHko haurrak hirugarren fasean murgildu dira. Fase honetan, egunerokotasuneko egokitzapenari egiten zaio erreferentzia. Barrenetxearen arabera: “Hemen garrantzitsua egunero familietako eta eskolaren arteko harremanak zaintzea da, konfiantza sustatuz”. Izan ere, haurra etengabe ari da egokitzen espazio berrietara, laguntxo berrietara edo material berrietara, eta beraz, hezitzaileek gelako ekintza, material eta testuingurua haurraren arabera moldatuko dute.

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.