Skip to main content

Jolastokia: elkarbizitzarako ingurune hezitzaile Armentia ikastolan

2022/05/05

Azkena, eta agian esanguratsuenetariko bat, patioaren birmoldaketarena izan da. Prozesua egun bukatu gabe dagoen arren, orain arte egindako lanak hausnarketarako bidea eman digu, eta parte hartzen ari diren eragileen ekarpenak jaso ditugu artikulu honetan. 

Hasteko, jo dezagun iturburura: zer da Ikastolako patio bat eta ze funtzio betetzen du ikastolaren egunerokotasunean?  Proiektua gidatu duen NONDIK-LAB enpresako Ahinitze Errasti Etxeberriak argitu digu galdera bikoitz honen peskizan egin duten lanketa: “Lehenik eta behin jolastokiaren erabileraren eta bizipenen inguruko galdetegia landu genuen: oztopoak, arazoak, gabeziak, sorrarazten dituen emozioak, aukera berriak, pertzepzioak, etab. identifikatzea bilatuz”. 

Galdetegiaren ondoren, behaketaren txanda heldu zen, “Patioaren erabileraren behaketa”, zehaztu du Errastik, “bertan sortzen diren jolas eta haurren arteko erlazioen azterketan oinarritu da. Gaur egungo jolastokiaren konfigurazioa, ezaugarri morfologikoak eta erabilera aztertu dira. Horretarako, bi behaketa mota egin dira. Alde batetik, espazioa hutsik dagoela, ikuspuntu arkitektoniko batetik aztertu da, eta, bestetik, jolastokiaren erabileraren diagnosi bat egin da haurrek bertan gauzatzen dituzten jolasak behatuz. Horretarako, ikastolako goiz arrunt bat aukeratu da egunerokotasuna jaso eta dokumentatu ahal izateko”.

Galdetegia eta behaketa atariko lana izan bada ere, proiektu honen muina eta mamia eragile ezberdinen parte hartzean datza. Hori horrela, irakasleek, gurasoek, eta nola ez, ikasleek, patioaz duten ikuspegia plazaratu eta ekarpenak egiteko parada izan dute. 

Espazioaren konfigurazioak ekintza pedagogikoak ahalbidetzeko izan dezakeen gaitasunaren inguruko formazio saioa jaso dute gurasoek, eta horretaz gain, eraldatuko diren inguruneak ezagutu eta beraien ikuspuntua jasotzeko, irakasleekin, gurasoekin eta ikasleekin parte-hartze saioak bideratu dira. 

“Saio guztietan”, Ahinitzek zehaztu duenez, “erabiltzaileek espazioa bizitzeko duten modua ulertzea, ikasle, irakasle eta familien ikuspuntua jasotzea, beraien kontzientziazioa eta inplikazioa indartzea eta proiektuarekiko interesa piztea bilatu da. Diagnosi, sorkuntza eta programazio ekintzak bideratu dira, eta proposamen eta ideia bikainak jaso dira”.

Ideia bikain horien artean, esanguratsuenak aipatzearren, honako hauek daude: 

  • Mugimendurako egiturak: rokodromoa, tirolina, gurpilak, zirkuituak, parkour eremuak, sokak, menditxoak, parkour eremuak 
  • Sorkuntza-esperimentazioa: hareatokiak, trasbaseak, belarra, landareak 
  • Lasai egoteko txokoak: gradak, aterpeak, eserlekuak, tipiak, izkutalekuak, enborrak, mahaiak
  • Naturaren presentzia indartu: belardiak, zuhaitzak, ura, lorontziak…
  • Aterpeak sortu

Ideia hauek gauzatzeko irizpideak ere prozesu parte hartzailean zehar gauzatu dira: naturaren presentzia indartzea, ehundura ezberdinak erabiltzea, jolas eta baliabide aukera aniztasuna bermatzea,  eta jasangarritasuna sustatzea. Hala ere, parte-hartze prozesuan garatu diren ekintzak, horietan sortutako irudikapen, diagrama, maketa zein ideia oro dokumentatu da, kanpo-espazioak eraldatzeko ideia-proiektuaren abiapuntu baitira guztiak. 

“Ideia-proiektuaren diseinu prozesua ere abian da, eta apirilean egin zen guraso eta irakasle ordezkariekin lehenengo kontraste bilera. Bertan jasotako proposamen eta egokitzapen berriak integratuaz, ideia-proiektua garatzen jarraitzen dugu eta laster aurkeztuko da” azaldu digu NONDIK-LABeko arduradunak.  

Orain arte amets, ideia, proposamen, irudi, diagrama eta maketa izan dena laster errealitate bilakatuko da, eta Armentia Ikastolak patio berria izango du. Danon artean eta denontzat pentsatutako patioa. 

Azken albisteak

2024-11-24
Abenduaren 6an, ostirala, Durangoko Azokaren baitan egingo den gazte egunera autobusez joateko auker
2024-11-22
Bilera egingo dugu datorren astean. Anima zaitez!
2024-11-22
“Txikiak” eta “handiak” euskaraz aritzeko elkarren erreferente bihurtzeko lanean ari gara. LHko eta BATXIko taldeen txanda izan da aste honetan.
2024-11-22
Besteak beste, Italian, Afrikan, Ozeanian eta Hego Amerikan izan dira.