Proiektu hauek ikasleek bizi dituzten barne prozesuei adierazpen artistikoaren bidez lekua egiteko aukera eskaintzen diete, horrela ikasleen sormena garatuz eta prozesuan zehar sentitzen eta pentsatzen dutena adierazteko bidea emanez.
Honetaz guztiaz hitz egiteko, Iñaki Lasa eta Ane Muñoa irakasleekin batu gara. Ikasgai honen apustua aspaldikoa da Armentia Ikastolan, eta orain dela lau urte apustu hori berretsi eta indartu egin zen. Iñakik (LH) hasierako urte haien errepasoa egin digu: “Urte asko daramatzagu Lehen Hezkuntzan, betidanik esango nuke, Dramatizazioa ikasgai bezala hartu eta asteroko ordutegian ordubeteko saio bat eskaintzen. Sarritan talde bakoitzeko tutorea bera arduratu izan da saioak antolatzeaz, baina azken urteetan nolabaiteko espezializazioa bultzatu da eta LH 4., 5. eta 6. mailetan irakasle berak zuzentzen ditu talde guztien dramatizazio saioak”.
Dramatizazioa lehen urratsa izaten da Arte Hezkuntzan, eta lantzen diren balioen gainean hausnarketa interesgarria plazaratu du Iñakik: “Askotarikoak dira ikasleei egiten zaizkien ekarpenak. Oinarrizko konpetentzia orokorrak garatzen eta osatzen lagundu dezake: norbera izaten, taldean lan egiten, komunikatzen ikasten... Hainbat dira lantzen diren edukiak: ahozko hizkuntza, elkarlana, kooperazio jolasak, jolas dramatikoa, emozioen kudeaketa, antzerkia, gorputz adierazpena, memorizazioa, tradizioko ondarea, irakurketa adierazkorra, inprobisazioak, gorputzaren kontzientzia... Ikasleak osotasunean hezitzen laguntzeko alderdi garrantzitsuak lantzeko aukera ta espazioa ematen ditu Dramatizazioak.
Ikasgaiaren antolaketari dagokionez, LHko 2. zikloan (4. 5. eta 6. mailetan), orohar, ebaluaketa bakoitzean proiektu nagusi bat lantzen da eta, saioz saio, proiektu horren lanketa bestelako ariketa eta dinamikekin osatzen da. Esaterako, 6. mailan ipuin klasiko baten antzerki-gidoia bertsotan osatu, ikasi, eszenan jartzea prestatu eta antzeztu egin da. Prozesu hori elkarlana lantzeko hainbat dinamikarekin osatu da.
Dramatizazioa lehen pausoa bada, hurrengo urratsa antzerkigintzarekin egiten dute ikasleek, Ane Muñoak (Bigarren Hezkuntza) azaldu digun bezala: “Antzerkigintza Lehen Hezkuntzan egiten den Dramatizazioaren jarraipen moduan uler daiteke. Ikasleen garapen prozesuan ekarpen garrantzitsuak egin daitezke arlo hauetatik identitatearen garapenean, enpatia eta beste errealitate batzuetan jartzeko eta egoera ezberdinak esperimentatzeko aukera ematen duelako, euskara eta ahozko gaitasuna garatzeko, gaur egun jendaurrean jartzeko norbere burua kontrolatzen hasteko…eta nola ez, Antzerkiaren eta Euskal antzerkigintzaren historia, garapena…ezagutu eta ikusle bezala ere begirada eta sentsibilitatea lantzeko. Arloa 4 ikasturtetan garatzen da”.
Batxilergoan aldiz, Arte Hezkuntza arloa 2 ikasturtetan banatzen da eta ikasturte bakoitzak 2 modulu ditu. Batxilergo 1. mailan: Adierazpen grafiko plastiko esperimentala eta Musikaren hizkuntza eta praktika eta Batxilergo 2. mailan: Ikus entzunezko adierazpena eta Gorputz adierazpena. Etapa honetan nagusitzen den testuinguru arrazionalaren baitan, bestelako prozesuak bizitzeko aukera eskaintzen duen arloa izango da.
Denbora honetan guztian egin duten lanak ikasgaiaren balorazioa egiteko perspektiba ematen die, eta biek ala biek argi daukate: balorazioa oso positiboa da. Aneren hitzetan, “Ikasleak pozik eta gustura ikusten ditugu. Arnasa hartzeko, esperimentatzeko une bat aurkitzen dute eta pertsona bezala euren garapenean aurrera joateko esperientzia bat da”. Iñakik ere antzeko ikuspegi baikorra dauka, eta ikasleei egiten dien ekarpena nabarmentzen du: “Balorazioa positiboa da, ikasleen heziketa prozesuan ekarpen garrantzitsuak egin baititzake Arte Hezkuntzak orohar, eta Dramatizazoak, bereziki. Azken ikasturte hauetan, poliki-poliki, Dramatizazioko kurrikuluma garatzen ari gara, zehazten, jarduerak probatzen, esperimentatzen...; oinarrizko programazioa finkatzen, azken batean”.