Hegoi Amabizka eta Maddi Agirre ikasleak, eskolarteko finalera

Maiatzaren 4an izan da Gasteizko Gaztetxean Arabako eskolarteko bertsolari txapelketaren lehenengo kanporaketa. Parte hartutako gazteen erdia ikastolako ikasleak izan dira.

Maiatzak eman dio hasiera Araban eskolarteko bertsolari txapelketari. Hilabete honetan zehar izango dira 14 urtetik beherakoen topaketak, eta ekainaren 17an finala. 14-18 urte artekoei dagokienez, bi kanporaketa egingo dituzte, eta hilabete hasieran abiatu dira; finala maiatzaren 20an izango da, Aramaion. 

Hain zuzen ere, hilaren 4an izan zen azken hauen lehenengo kanporaketa, Gasteizko Gaztetxean, eta bertan aritu ziren sei gazteetatik hiru gure ikastolako ikasleak dira: Samu Rodriguez, Hegoi Amabizka eta Maddi Agirre. Haiekin batera, gai-jartzaile lanetan, Irati Martinez ikaslea aritu zen.

Sei horietatik beste hiru sailkatu dira Aramaion izango den maiatzaren 20ko finalean; Amabizka eta Agirre izango dira horien artean, Iraide Onaindia aramaioarrarekin baterea. Hurrengo astean, hilaren 12an, bigarren kanporaketa izango da Kanpezun, eta bertan gure beste ikasle batek parte hartuko du: Eukene De los Aires. Aupa zuek!