Beste urte batez Armentia ikastolak ospakizun bihurtu nahi du Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskara da gure ardatza, euskara da gure motorea, euskara da gure bereizgarria, eta horrexegatik, hain zuzen, euskarari bere egun nagusian aitortza egin nahi diogu.
Gainera, Euskararen Eguna baliatu nahi dugu Guraso Euskara Taldeak egiten duen lana balioan jartzeko. Zorionekoak gara Armentia ikastolan hainbat gurasok ikastolan euskararen presentzia handitzeko ekimenak antolatzen dituztela ikasturtean zehar. Eskerrik asko, bihotzez. Eta, nola ez, Euskararen Eguna ere bada euskara ikasteari ekin dioten gurasoei aitortza egiteko eguna, edota astero Mintza-kafean geratzen direnei ere.
Hainbat jarduera antolatu dute, beraz, abenduaren 3ko arratsaldean ere euskaraz gozatzeko. Lehenik eta behin, txokolate beroa banatuko dute. Gogoan izan katilua zeuok ekarri behar duzuela. Ondoren, Argitxoren bisita izango dugu eta kantu egingo diogu. 17:15ean dantzan jarriko gaitu DJ Kaktusek bere emanaldiarekin. Hori amaitutakoan Euskara da gure lema abestuko dugu elkarrekin. Eta, nola ez, arratsaldean zehar aurpegia margotzeko aukera egongo da, bai eta txapa taillera edota jolasak ere.
Anima zaitezte, eta ospa dezagun euskara!