Eskualdeko bilera jendetsua, Ikastolen Elkartearen eskutik

Aurreko asteartean Ikastolen Elkarteko ordezkarien bisita jaso genuen ikastolan, Hezkuntza Lege berriaren inguruko irakurketa egiteko.

Aurreko asteartean, azaroaren 15ean, Ikastolen Elkarteko ordezkariak izan genituen gurean. Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren inguruko haien irakurketa aurkeztu zuten, eta ondoren gure kezka eta proposamenak jaso zituzten.

Antolatu dituzten laugarren eskualdeko bilera izan da gurea, eta, momentuz, jendetsuena. Bertan aritu ziren Jose Luis Sukia zuzendari nagusia, Koldo Tellitu lehendakaria eta Zigor Ibarzabal Hezkuntza arduraduna, ikastolek zirriborroaren aurrean duten iritzia eta posizioari buruzko azalpenak ematen.

Testuinguruan sartzeko, aurkezpen moduan, Ikastolen Elkartearen historia laburtu zuten, haren erabaki estrategikoetan oinarrituta, eta urteetan egindako lana mahai gainean jarri zuten. Horren ondoren, lege berriaren zenbait puntuekiko elkarteak duen jarrera edo posizioa argitu zuten.

Modu laburrean, hauek dira, legearen zirriborroa bere horretan mantenduz gero, Ikastolen Elkartetik ekarri dituzten ondorio eta konklusioak:

  • Ez du bermatzen doakotasuna eta planifikazio orekatua.
  • Egungo hizkuntz ereduak mantentzen dira (murgiltze ereduaren kalte).
  • Euskal Curriculuma eta euskal kulturak ez dute bere isla testuetan.
  • Laizismoa ez da bermatzen ikastetxe guztietan.
  • Ez du aukerarik ematen izaera publiko ezberdin eta berriak bideratzeko (esperimentatzeko).
  • Euskal Herriko errealitaeari ez dio irtenbide duina ematen.
  • Ondorioz, zaila dugu ikastolok proposamen hau bultzatzea.

Zentzu horretan, datozen egunetan, agerraldi garrantzitsua egiteko asmoa jakinarazi dute, ikastola guztien ordezkariekin.