Indarberritzeko garaia iritsi da

Ikasturtearen azken zertzeladak emanda, datorrenari begira indarrak hartzeko tartea heldu zaigu berriro ere. Aurtengoak, behintzat, pandemia aurrekoen antza hartu du, eta eskertzekoa izan da hori.

Apiriletik hona, Aste Santuko oporren bueltan, Covid-19a agertu baino lehenagoko egoerara bueltatu ahal izan gara, orain arte ezarritako neurriak desagertu diren heinean. Horrek, besteak beste, musukorik gabe ibili ahal izatea ekarri du, eta ondorioz, ikasle, irakasle eta ikastolako beste langileen irribarreak berriro ikusi ahal izan ditugu. 

Gainera, azken bi urte hauetan sortutako burbuila-taldeak desagertu dira, eta ohiko interakzioa egin ahal izan dute, bai ikasleek bai irakasleek. Gurasoek ere, pandemia aurreko garaian bezala, umeak sartu eta ateratzeko aukera izan dute, inolako mugarik gabe. Ikasturte honetan, beraz, normalizazio egoerara bueltatu garela esan dezakegu.

Datorren ikasturteak, hala ere, ez-ohikotasun puntu bat ere emango digu. Izan ere, hezkuntzak impasse egoeran jarraitzen du, lege berriarekin zer gertatzen den esperoan. Irailetik aurrera, aldaketak izango direla iragarri dute, eta ziurrenik, beste trantsizio egoera bat pasatuko dugu ekaina iritsi bitartean.

Ikasturte berriko hilabeteei aurre egiteko, baina, ezinbestekoa da indarrak biltzea eta energiak berritzea. Horretarako dugu iristear dagoen oporraldia, beraz, Armentia Ikastolatik uda bikaina igaro dezazuela opa dizuegu. Ondo-ondo aprobetxatu aste hauek eta gozatu!