“Familiei bat egitea eta Ikastola erdigune hartzea eskatuko nieke”

Virginia Ugarte Kontseilu Errektoreko kidea da orain dela urtebete. Ikastolarekin lotura estutzeko aukera eman dio bertan parte hartzeak. Gurasoen ikuspuntua beharrezkoa dela uste du, Ikastolan gauzak hobe bideratzeko.

Zergatik sartu zinen Kontseilu Errektorean?

Ni Ikastoletako kide banintzen aurretik ere, nire herrian Ikastolan ikaslea izan nintzen eta kooperatibista ere izan naiz. Nire lehenengo semea ikastolan sartu zenetik, partaide izan naiz egitura desberdinetan (gelako ordezkaria, Armentxo Guraso Elkartearekin zenbait lan aurrera ateratzen aritu naiz...).

Kontseilu Erretoreko kidea izatea planteatu zidatenean (beste kide batek utzi behar izan zuelako), egia esanda, ez nengoen jada ikastolarekin horren lotuta. Eta, orduan, hausnarketa momentua heldu zitzaidan eta berriro ere lotura horri heltzea erabaki nuen.

Uste dut gurasook Ikastolako “organoetan” (ahal dugunetan behintzat) partaide izan behar garela, gauzak hobera egiteko oso garrantzitsua baita geure ikuspuntua, geure beharrak ezagutzea…

Eta horregatik eman nion baiezkoa proposamenari, neure seme-alaben ikastolako bizitzaren partaide ere izan nahi nuelako, berriro ere.

 

Noiztik zara bertako kide? Ikastolako beste egituretan parte hartu duzu?

Oraindik urte bete baino ez daramat. Esan bezala, beste kide baten hutsunea betetzera etorri naiz. Baina jarraitzeko nahia guztiz piztuta daukat.

Eta, bai, Armentxorekin tailer ezberdinak egin nituen orain dela urte batzuk (jostun tailerrak) eta gelako ordezkaria ere izan naiz, bai seme nagusienaren gelan eta baita HHn ditudan bizkien gelan ere.

 

Zein funtzio betetzen duzu bertan?

Kontseiluko kide naiz, beste lan berezirik gabe.

 

Zer egin dezake Kontseilu Errektoreak gurasoen iritziak bideratzeko?

Komunikazioa funtsezkoa da. Orain webgune berria dugu, eta bertan guztion helbide elektronikoak eskuragarri daude. Beraz, edonork horra jo dezake eta kide garen edonorekin harremanetan jarri, kezkak, iritziak edo dana dalakoa azalerazteko.

 

Zer eskatuko zenieke familiei?

Familiak gara Kontseilu Errektorearen parte; beraz, guztiok bat egitea eta Ikastola erdigune hartzea eskatuko nieke.

Ikastolako gauzetan inplikatzea, bakoitzak ahal duena egitea, norberaren aukerak kontuan izanik, noski.

Ez da erraza, inorentzat, guztion bizitza alde batetik edo bestetik beti baita korapilatsua. Baino, danok norabide berean aritzea ardatza da helburuak eta hobekuntzak lortzeko.