Joan den astean, Batxilergoko 1. mailako ikasleek Abel Azcona artista eta performerrarekin elkartzeko aukera izan zuten, bere ibilbideaz, sormen-prozesuaz eta artearen esanahiaz zuzenean hitz egiteko. Topaketaren ondoren, ikasleekin elkartu gara bizitakoa eta sortu zizkien hausnarketak jasotzeko.
Hasieratik giro naturala eta gertukoa sortu zen. Izaro Larreak hala laburbildu zuen: “Oso gustura egon ginen; oso gertuko somatu genuen Abel, erraza zen berarekin hitz egitea”. Hurbiltasun horrek, gainera, bere artea eta mezua hobeto ulertzeko aukera eman zien ikasleei. Izaroren hitzetan, “artea ez du berarentzat egiten, besteontzat da, gizartean kontzientzia sortzeko; horrek pisu handiagoa ematen dio”. Ikasleek ere azpimarratu zuten bere lanaren bidez maiz isildutako gai tabuei ikusgarritasuna ematen diela.
Urko Murgiak performanceen benetakotasuna azpimarratu zuen: "Ez ditu prestatzen; egiten duena benetakoa da, ez da antzerki bat". Hain zuzen ere, artearen eta bizitzaren arteko muga lausotze hori izan zen ikasleengan eragin handiena sortu zuen alderdietako bat.
Bestalde, Ane Lopezek topaketaren balio pedagogikoa nabarmendu zuen: "Abelen prozesu artistikoa lehenengo eskutik ezagutzea oso baliotsua izan da". Artistaren barne-prozesuak ulertzeak bere lanari beste begirada bat emateko aukera eskeini zien.
Abelen bizipen pertsonales ere arrasto handia utzi zuten. Mikel Berganzok aitortu zuen : " Oso gogorra izan da bere istoria entzutea; asko harritu nau horretaz hitz egiteko duen askatasunak" . Bere zauriak partekatzeko gaitasunak indar berezia transmititu zien askori.
Batzuetan deserosoa, askotan hunkigarria, baina zalantzarik gabe aberasgarria.
Azken batean, topaketa hau arteaz harago joan da: zauriez, askatasunaz, enpatiaz eta adierazpenaz hitz egiteko espazio bihurtu da. Batzuetan deserosoa, askotan hunkigarria, baina zalantzarik gabe aberasgarria. Abel Azconarekin izandako elkarrizketak argi utzi du arteak galderak egiteko, mugak zalantzan jartzeko eta errealitatea beste modu batera begiratzeko gaitasuna duela.
Eta hori izan da, agian, Arte Hezkuntzako irakasle diren Maitane Unanue eta Ane Muñozek ikasleei eman dieten ikaskuntzarik handiena.