Skip to main content

“Gure gelako gurasoekin harremana euskaraz egiteko aukera bikaina da; oso pozik gatoz”

Ikasturte hasieran martxan jarri zen Gurasoentzako Mintza Taldea. Oso gustura ari dira Berta, Izaskun, Asier eta Amaia gurasoak.

Irudia
GurasoMintza2425

Hainbatetan errepikatu dugun bezala, ikastolan ezinbestekoa ikusten dugu euskaraz harremantzea, bereziki, gurasoen artean. Gurean, familia euskaldun ugari gazteleraz aritzen dira inguruko beste aita edo amekin, euskaraz badakitela ohartu gabe, eta hori aldatzeko helburua du, hain zuzen, Gurasoentzako Mintza Taldeak.

 

Aurtengo taldekideak dira Berta, Izaskun, Asier eta Amaia, HH5eko gurasoak, eta oso modu positiboan baloratu dute ekimena, kontatu diguten bezala.

 

Zergatik sartu zineten Mintzalagun Taldean?

 

Berta (erdalduna): Nire ohiko inguruan ez dudalako euskara asko erabiltzen. Euskaraz hitz egiten dakiten arren, azkenean gaztelaniara jotzen dugu, ohikoena delako eta nik ez dudalako asko kontrolatzen. Orduan, ekimen aproposa iruditu zitzaidan euskara erabiltzeko tartea izateko, eta horregatik nator.

 

Izaskun (euskalduna): Antzekoa gertatzen zait niri. Nire kasuan, ordea, ingurua erdalduna da, eta ez dugu euskara erabiltzen. Orduan, nahiz eta ikastolan ikasi, hiztegia, aditzak, hitz egiteko erraztasuna eta horrelakoak galdu ditut. Ekimena ideia ona iruditu zitzaidan, aukera berria.

Asier (euskalduna): Nire euskara hobetzeko, eta nire seme-alabekin ondo hitz egiteko eta bai etxean bai etxetik kanpo laguntzeko. 

 

Zein abantaila ikusten diozue ikastolan gurasoentzako mintza taldea egoteari?

 

Amaia (euskalduna): Bereziki, doan ikasteko eta gure gelako gurasoekin harremanetan egoteko aukera bikaina dela, gure egunerokotasunari buruz hitz egiteko, gure seme-alaben gelako gauzei buruz hitz egiteko; izan ere, beti zerbait daukagu hitz egiteko.

 

Izaskun (euskalduna): Aurtengo taldea gela berdineko gurasoak gara, eta gauza asko elkartzen gaituzte. Tartean, ordutegiak edo geratzeko erraztasuna.

 

Nola baloratzen duzue orain arteko bidea? Zer moduz aritu arete?

 

Berta (erdalduna): Oso ondo. Euskara praktikatzeko helburua betetzeaz gain, jendea ezagutzen duzu eta tarte atsegina pasatzen duzu. Oso gustura gaude. 

 

Amaia (euskalduna): Balorazioa oso positiboa da. Jarraipenaren aldetik oso modu serioan hartu dugu, eta zerbait suertatu zaigunean, Whatsapp bitartez abisatu diogu elkarri. Oso pozik gatoz.

 

Maiatzean Euskaraldia dator. Parte hartuko duzue? Zer iruditzen zaizue ekimena?

 

Izaskun (euskalduna): Nahiz eta ez egon oporretan izango garelako, izena eman dut. Hain zuzen, ekimena atera zenetik eman izan dut izena, bai Belarriprest moduan bai Ahobizi bezala. Egin den guztietan parte hartu dut.

 

Amaia (euskalduna): Nik ere izena emanda dut. Txapa jasotzeko gogoekin nago, eta, noski, urtean zehar ez galtzea eta beti soinean eramatea espero dut, ikasturtea bukatu arte behintzat.

 

Berta (erdalduna): Ekimen oso ona iruditzen zait euskara gehiago erabiltzeko.

Azken albisteak

Ostiralean banatuko ditugu Ahobizi eta Belarriprest txapak Armentiako komunitatean, festa egingo dugu 16:00etatik 17:45era: musika, dantza, bertsoak...
Mantentze eta zaindari arduraduna behar dugu. Izendatutako pertsona ikastolako azpiegituren mantenu-egoeraz, zein segurtasun eta zaintzaz ere arduratuko da.
Dagoeneko ikusgai dituzue datorren asteburuko Eskolaz Kanpoko Ekintzen hitzorduak. Larunbatean izango dira, apirilaren 12an.
Maiatzaren 17an izango da, Auzoalanarekin batera.