Skip to main content

Zorionak, bidea egiten ari gara!

Komunitatea zoriondu behar dugu; guztion artean lortzen ari gara Armentia mugikorrik gabeko gune bihurtzea, eta horretan denok izango gara irabazle, ikasleak bereziki.

2025/01/14
Irudia
mgghoriz

Irailaren 2an komunikazioa jaso zenuten 2024-2025 ikasturteak berrikuntza handia ekarri behar zuelako Armentia ikastolan. Zuzendaritzak jorratu, Kontseilu Errektoreak onartu eta Altxa Burua elkarteak babestutako dokumentua helarazi genizuen: MUGIKORREN ERABILERA IKASTOLAN, DEKALOGOA.

Hiru ardatzetan eraikita zegoen dekalogoa, eta, hiruretan ala hiruretan, ikaslea erdigunean kokatu nahi izan genuen, ikasleen ongizatea hain zuzen. Lehen ardatza, beraz, ikasleen erabilerari lotu zitzaion, eta ordura arte bezala ikasleek jarraituko zuten mugikorra edo erloju adimenduna erabili gabe. Bigarren ardatzak, aldiz, berrikuntza ekarri zuen. Kontziente ginen ez zuela logikarik ikasleei araua jartzea, eta aldi berean helduok arau horri ezikusiarena egitea. Horrexegatik, helduak eredugarri izateko arauak zehaztu genituen. Eta hirugarren ardatza ikasleen pribatutasunari lotzen zitzaion. Izan ere, oso kezkatuta geunden azken hileotan argazkien kontuarekin eta gure ikasleen pribatutasunerako eskubidearekin, eta, ondorioz, hori ere arautzea nahitaezkotzat jo genuen.

Horrela, 2024ko irailaren 9tik aurrera, Armentia Ikastola mugikorrik gabeko gunea izango zela aurreratu zitzaizuen. Horren berri, modu zehatzagoan, ikasturte hasierako bileretan eman genizuen. Are gehiago, ikastolako gune guztietan jarri genituen Armentia, mugikorrik gabeko gunea dela gogorazten duten kartelak.

Lau hilabete joan dira ordutik, eta bidea egiten ari garela ondorioztatu dugu. Arras aldatu da helduok mugikorrekin dugun portaera, eta bide egokia urratzen ari garela esan behar dugu. Egia da, bai, egokitzen zaigula, behin baino gehiagotan gurasoei gogoraraztea mugikorra ezin dela ikastolan erabili. Noizean behin aurpegi desatseginen bat izaten da, baina salbuespena dela esan genezake. Hau da, oro har, mugikorra itzali eta gordetzeko eskatzen denean, gurasoek jarraian egiten dute. Horrekin batera, ikusi hasiak gara haurren ekitaldietan gurasoek haurrei zuzenean begiratzen dietela, eta ez kamera edo telefonoaren bitartez. Abenduaren 20an ere eredugarria izan zen, bai, familien jarrera, apenas ikusi zen mugikorren bat haurren jardueretan. Hori ere oso handia dela uste dugu.

Oro har, bide onetik goaz, baina oraindik baditugu hobetzeko espazioak. Esaterako, ikastolako patioan arratsaldez, nahi baino mugikor gehiago ikusten dira. Lanketa berezituren bat egin beharko dugu bertan eragiteko, baina ziur gaude arian-arian ohiturak aldatuko ditugula.

Hori horrela izanik, esan bezala, komunitatea zoriondu behar dugulakoan gaude, izan ere, guztion artean lortzen ari gara Armentia mugikorrik gabeko gune bihurtzea, eta horretan denok izango gara irabazle, ikasleak bereziki.

Azken albisteak

2025-02-13
Jai Alai Master Series, kontzertua, pilota topaketa… ez ezazue bat bera ere galdu!
2025-02-13
Gure ikasle batek Arabako xake txapelketan parte hartu zuen, eta oso postu onean geratu zen. Zorionak!
2025-02-13
Irati izan da LH4ko geletan. Ikertzailea da, eta solasaldi oso interesgarria izan du ikasleekin.
2025-02-13
Maiatzaren 19an auzolana eta ikastolako jaia izango dira. Datorren asteko bilerara animatu nahi dituzte familiak eta langileak.