Skip to main content

Konpromisoak hartzeko prest

Mugikorren erabilerari buruz maiatzean egindako galdetegiak guraso gehienen kezkak islatu ditu.

Irudia
umeakmobilarekin

2024ko martxoaren 15ean egin genion Armentiberrin Altxa Burua Armentia taldeko zenbait gurasori haien ekimenari buruzko elkarrizketa. Honez gero, urratsak egiten hasi dira, eta maiatzean LH eta DBHko ikasleen gurasoei inkesta helarazi zieten mugikorren erabilerari buruzko datuak jasotzeko. Orain, jasotako erantzunen inguruko hausnarketa partekatu nahi izan dute.

Lehenik eta behin aipatzeko modukoa da ikastolako LHko gurasoen jarrera proaktiboa, zeinari esker posible izango da estrategia partekatuak sortzea. Hona hemen parte hartzeari buruzko emaitzak:

 

Irudia

 

 

Bigarrenik, oso esanguratsua izan da familiek kezka handia dutela smartphone pertsonalaren erabilerari buruz, horrela, %80ri gaiak 10 puntutatik 8 puntu baino gehiagotan kezkatzen die, eta erdiak baino gehiagori 10 puntutatik 10.

Irudia

 

 

Egungo gailu digitalen erabilerari dagokionez, haurren %88k mugak ditu erabileran. Bestalde, familien %75 prest legoke beste familia batzuekin erabilera onaren dekalogoa osatzeko.

Horrekin batera, badira aurrera begira urrats eraginkorrak egiten lagunduko duten datuak. Lehenbizi, familien %96k adierazi du DBHra heldu aurretik ez duela asmorik seme-alabei gailu digitalik erosteko, eta horrekin batera familien %89 prest dago, beste familia batzuekin batera, smartphonearen erabilera ahalik eta gehien atzeratzeko.

Irudia

DBHko datuei dagokienez, familien parte-hartzea apalagoa izan da, eta egia da DBH2tik aurrera %100ek duela mugikorra. Hori horrela izanik, hemen ere badira etorkizunari begirako estrategiak eraikitzen lagunduko duten datuak, izan ere, batetik, %95,5 nahiko kezkatuta dago; eta, bestetik, ia %90ek positibotzat jo du gainerako familiekin batera smartphonearen erabilera egokirako dekalogo bat sortzea.

Hori guztia ikusita, ez dago zalantzarik elkarrekin lan egitea posible ez ezik, ezinbestekoa ere badela, eta horrexegatik erronka gisa Altxa Burua Armentia guraso taldeak konpromiso-proposamenen bideari ekingo dio. Horrela, beraz, norbanakoen konpromisoak kolektibo bihurtuz lortuko da gure helburu nagusia betetzea, hain zuzen ere, mugikorrak ematea ahalik eta gehien atzeratzea.

 

 

Azken albisteak

Final ederra, piloteatua eta une batzuetan gogorra eskaini dute aurtengo azken partidan.
Bertso afari ederra izan genuen aurreko asteazkenean.
Ongi etorri beroa emango diogu euskararen aldeko lasterketari.