Skip to main content

Altxa Burua Armentia Ikastola: “Helduok eredu izan behar dugu gailuen erabilera egokiarekin”

Altxa Burua ekimenak pantailen erabilera atzeratzea eta horren inguruko lanketa egitea bilatzen du. Gurasoek sortutako taldea da, eta ikastolan egingo duten bileran parte hartzera dei egiten dute.

2024/03/15
Irudia
umeakmobilarekin

Mugikor eta pantailen erabilerak gizartean eta gure txikiengan dituen arrisku eta ondorioen kezkak elkartuta, beste guraso talde bat sortu dute ikastolan: Altxa Burua Armentia Ikastola. Ekimena beste ikastetxe batzuetan martxan dago dagoeneko (ALTXA BURUA); gurean ere pausuak ematen hasiak dira, beraz, ikastolako familiak eta langileak taldean parte hartzera animatu nahi dituzte.

Horretarako, martxoaren 19an, 16:45ean, egingo duten bilerara etortzeko deia egin dute, bertan guztion kezkak jaso eta hemendik aurrerako pausoak zehazteko.

Norbait ezin bada joan baina gaian interesa badu, bidali email bat altxaburua@armentiaikastola.eus helbidera eta informazioa eta hurrengo bileretarako deialdiak bidaliko dizkiote. 

Gaiari buruz zehaztasun gehiago izateko, elkarrizketa eskaini digute.

Zer helburu ditu ekimenak?

Ideia nagusia mugikorren erabilera atzeratzea izan zen. Horrek elkartu gintuen batez ere, egungo egoera eta errealitatea zein zen ikusita. Beste ekimen batzuk ezagutu eta horretan lanean ari den jendearekin hitz egin eta gero, konturatu ginen helburu gehiago zeudela elkarren artean loturik. Hau da, helburu zehatz bat lortzeko, beste helburu batzuen laguntza behar zela; esaterako, mugikorren erabilera atzeratzeko, ezinbestekoa da sare bat sortzea honen alde gaudenon artean eta ingurukoak kontzientziatzea egoeraren errealitateaz, erabilerak arlo askotan (osasun mentalean, hezkuntzan, arretan, autoestimuan, emozioen kudeaketan, senideen arteko harremanetan…) izan ditzakeen ondorio latzez jabetzeko.

Era berean, bide honetan gure umeak eta nerabeak laguntzeko,  guztiok behar dugu heziketa berezi bat. Formakuntza espezifiko baten beharrean gaude gure seme-alaben bidelagun egokiak izateko ibilbide honetan: zer egin dezakegu guk, helduok; zein izan beharko litzateke gure jarrera eredu egokia bilakatzeko eurengan... Eta noski, lehenengo mugikorra ematen diegunean, nola jokatu, zein ibilbide jarraitu…

Zer bide edo ekintza jorratuko dituzue?

Guk ideia batzuk ditugu, baina komunitate osoari zabaldu nahi genion aukera, guztien kezka eta ideiak ere kontuan izateko. Esan bezala, buruan hainbat proposamen eta erronka ditugu: dekalogo bat sortu gailu hauen erabilera egoki bat sustatzeko; ekimen honen alde gaudenon artean, aldiro, adostasun eta konpromiso batzuk proposatu; jendea kontzientziatzeko hitzaldiak, tailerrak, ekintzak… proposatu eta antolatu. 

Kontuan hartuz helduon eredua zein garrantzitsua den, ezinbestekoa ikusten dugu hausnarketa bat egitea ikastola barruan irakasleek, begiraleek, langileek eta gurasoek egiten duten mugikorren erabileraren inguruan, eta hura arautu. 

Ikastola barruan ere hausnarketa bat egitea ezinbestekoa ikusten dugu.

Beste kontu garrantzitsu bat Chromebooken erabilera izango litzateke: noiz hasi erabiltzen, nola, norekin, zenbat, zertarako… Egun, digitalizazioaren erabilera hezkuntzan mahai gainean dagoen gai potoloa da; izan ere, lurralde batzuetan kontrako ibilbidea  egiten hasi dira. Gainera, sarritan entzun dugu tresna digitalen eta sare sozialen sortzaile eta kudeatzailen seme-alabek ez dituztela tresna hauek bere ikastetxeetan erabiltzen nagusiagoak izan arte. Horrek pentsatzera eraman beharko gintuzke. 

Honekin batera, bestelako ekintzak ditugu buruan: hala nola, tutoretzan gaia jorratzea, ikasturte hasierako guraso bilerak kontzientzia zabaltzeko aprobetxatu, BATXIko ikasleekin hitz egin bere esperientziak txikiagoak direnekin partekatzeko eta bibliogafia esanguratsua sortu eta eskura jarri.

Elkarlana beharrezkoa izango da; beste eragileren babesik jaso duzue? (ikastetxeak, administrazioa…)

Beste eragile batzuen lankidetza funtsezkoa da guretzat, eta lanean ari gara gure proiektuan parte har dezaten. Eragile horietako bat ikastolak edo ikastetxeak dira. Altxa Burua ekimenetik Armentia Ikastolako zuzendaritzarekin harremanetan jarri gara jada, eta elkarrekin lan egiteko modua bilatzen ari gara, lehen aipatu ditugun ekintza batzuk egin ahal izateko. Adibidez, oso interesgarria iruditzen zaigu mugikorrarekin arazoak izan dituzten Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko azken ikasturteetako ikasleek beren esperientzia Lehen Hezkuntzako azken zikloko edo Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko neska-mutilei kontatzea. Eragingarriagoa da nerabe batek telefono mugikorrak gaizki erabiltzearen arriskuei buruzko informazioa ematea, heldu batek ematea baino.

Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zaigu erakundeekin lan egin ahal izatea gure adingabeak mugikorraren eta teknologia berrien erabilera okerretik babestuko dituzten legeak sustatzeko.

Zeintzuk dira gurasoen kezkak mugikorren erabilerari dagokionez?

Gurasoen kezkak, oro har, pantailen erabilera desegokiak gure seme-alabei sor diezazkiekeen arriskuetan oinarritzen dira. Geure buruari galdetzen diogu nola eragin diezaiokeen bere garun-garapenean, gehiegizko erabilera batek mendekotasuna ekar dezakeen... Gainera, sare sozialek beren autoestimuari nola eragin diezaioketen kezkatzen gaitu, gure nerabeek bere burua erakusten dute Interneten, argazkiak argitaratzen dituzte edo informazioa lortu eta bilatzen dute; etengabe egiten dituzte konparazioak edo "like”-ak bilatzen dituzte soilik. Laburbilduz, kezkatzen gaituena da nola eragin diezaiekeen garapen emozionalean eta osasun mentalean.

Gure seme-alabentzat eredu nagusiak gara; pantailen erabilera egokian ere eredu izan behar dugu. 

Bukatzeko, gure seme-alabentzat jarraitu beharreko eredu nagusiak garela uste dugu, eta eredu izan behar dugu gailuen erabilera egokiarekin. Garrantzitsua da arriskuak ezagutzea, baina baita beldurrik ez izatea eta teknologia berrien onurez gozatzen irakastea ere. Gai horretan aditua den Telmo Lazkanoren esaldi batekin amaitu nahi dugu, hitzaldi batean entzun genuen: "Kezkatzeari utzi eta arduratzen hasteko garaia da". Horregatik, martxoaren 19an 16:45ean ikastolan izandako bilera gogorarazi nahi dizuegu. Zuen zain gaude.

Animatu zaitezte! Guztion artean sare bat sortu eta gauzak aldatzea posible da eta!

Azken albisteak

2024-12-05
BATXIko ikasleak Durangoko Azokan izan dira gaur. Euskarazko sorkuntzaren bilgune garrantzitsuen bihurtzen da Durango urtero abenduaren hasieran.
2024-12-05
DBH3ko ikasleak idazle eta ilustratzaile lanetan aritu dira, Euskal Herriko ikastola guztietatik pasako den liburua osatzen.
2024-12-05
Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera.
2024-12-05
“Euskara da Armentia ikastolaren bizkarrezurra, euskarak egiten gaitu ikastola, euskara gara”.