Hezkuntza etengabeko aldaketak egiten ari da ikasturtero. Aurten, esaterako, hautazko berriak jarri ditu martxan BHn. Gure kasuan, ohikoez gain (Frantsesa, Zientzia Tailerra….), Ongizate Fisiko eta Emozionala, Geografia eta Jarduera Fisikoa, Aisia eta Osasuna nabarmendu nahi izan ditugu. Zertan dautzan jakiteko, azken biak irakasten dituzten irakasleekin izan gara, eta haiek bere ikasleen iritzia jaso dute.
Geografia
Oier Lasa arduratzen da hautazko hau emateaz. BATXI 2ko letretako 23 ikasle daude klase hauetan, eta USEari begira ahalik eta prestatuen egotea eta geografiaren inguruko ezagutza maila handiena lortzea du helburu, besteak beste. Lasaren arabera, irakasgaiaren erritmoa hartzea apur bat maldan gora egin zaio: “Ikastolan aurretik ez landutako irakasgaia izateaz gain, ni irakasle berria eta geografia inoiz landu ez dudana naiz”.
Historialaria izanda ere, ikasgaiari buelta bat ematea lortu du, eta ohiko klase magistralak bestelako moduekin uztartu ditu: “Testuliburua jarraitzeaz beste, aurkezpenekin laguntzen dut teoria, eta oso baliogarria egiten zaie ikasleei, edukiak hobeto barneratzeko. Gainera, gaietako bat proiektu moduan landu dugu, taldeka, eta entretenigarriagoa egin zaie”.
Hala ere, Hezkuntzatik eskatzen duten kurrikulumera egokitu behar dira, batez ere USEn Geografia egin nahi badute, eduki gehiago eman behar dituztelako. Ondorioz, klase magistral gehiago behar dituzte, eta logikoa denez, hori ikasleei ez zaie hain gustagarria suertatzen: “Guztiak bat datoz ikuspuntu batekin, eduki aldetik gehiegizkoa dela, eta gustatuko litzaieke praktika eta proiektu gehiago egitea”. Ikasle baten beste iritzi batekin ere bat egiten du Oier Lasak: “Espainiako Geografia ikasi behar izatea ez zaio egokia iruditu, eta ni ados nago berarekin; Euskal Herriko geografian -Arabari eta Gasteizi berezko garrantzia emanez- gehiago zentratzea izan beharko litzateke helburuetako bat”.
Apurka-apurka erritmoa hartzen doaz, eta irakasgaia hobetzen jarraitu behar dutela argi du Lasak.
Jarduera Fisikoa, Aisia eta Osasuna
Xabier Larrazabalek ematen ditu ikasgai honen eskolak, eta horren bidez, ikasleei baliabideak eman nahi dizkie gaur egungo gizartearen gaitza den bizimodu sedentarioaren ondorioz sortzen diren patologien aurka egiteko. Kontuan izanda datorren urtean ikasle askok kirola edo jarduera fisikoa talde edo klubetan egiteari utziko diotela, alternatiba bat eman nahi die ikasleei: “Erreminta ezberdinak eskuragarri izan ditzaten nahi dut, modu kontzientean eta kritikoan bizi-estilo aktibo eta osasuntsu bat jarrai dezaten, eta haien interesei hoberen egokitzen zaizkien praktikak eguneroko bizitzan txertatu ditzaten”.
Teorikoki eta batez ere praktikoki lantzen dute ikasgaiaren edukia: “Astean lau ordu ditugu: horietako bi polikiroldegian ordubeteko saio bana egiteko erabiltzen ditugu, eta beste ordubeteko saio teoriko bana egiten dugu gainontzeko orduetan”. Orain arte, taldeka zenbait lanketa egin dituzte: “Kirola fenomeno makrokultural gisa aztertu dute film baten bidez; talde kirol ezagun eta alternatiboak landu dituzte, indar eta erresistentzia entrenamenduaren planifikazioa eta saio praktikoak egin dituzte eta CORE eta arnasketa entrenamendua landu dute eta nutrizioa ikusten ari dira orain”.
Jarduera Fisikoan dauden ikasleek bazekiten BATXI 2n, kurtsoaren berezko exigentzia-maila dela eta, ez zutela kirola egiteko denbora asko izango, eta hori izan da ikasgaia aukeratzeko arrazoietako bat. Bestea, patxadaz ikasi eta ikasitakoa aplikatu dezaketela: “Ez da asko ikasi behar, eta gainera, klasean ikasten ditugun kontzeptuak gure egunerokotasunera egokitu ditzakegu. Espero genuen guztia egiten ari gara, eta oso dibertigarria izaten ari da”. Aurreikuspenak beteta, beraz.