Goizeko orduetan bazirudien aurtengo Araba Euskaraz laino eta agian tanten artean emango genuela. Hala ere, jendez bete ziren Olarizuko zelaiak, eta horrek asko poztu du jaiaren antolatzaileak; izan ere, Eider Olaberen hitzetan: "Ikastolako familia asko ikusi genituen, bai lanean eta bai jaiaz eta giroaz gozatzen".
Hori dela eta, oso balorazio positiboa egiten du egunari dagokionez. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkie, familiez gain, ikastolako ikasleei: bertsolariei, erronkan parte hartu zuten LH eta DBHkoei eta baita hasierako ekitaldian musika taldearekin batera aritu zirenei ere.
Horrez gain, Olabek lanean jarraitu behar dela gogoratu du, "hobetzeko gauzak ere baitira".
Omenaldia
Araba Euskarazen hasiera ekitaldian omenaldia ere egin da. Hain zuzen ere, besteak beste duela berrogei urte argitaratu zen Sinonimoen Hiztegiaren egile izan zen Bostak Bat elkarteari egin diote omenaldia. Izan ere, hiztegigintza izan zen Bostak Bat elkartearen egiteko nagusia, 1981. urtean sortu zenetik, eta uzta oparoa utzi zuen Adorez hiztegi sortak: 19 liburuk eta bi CDk osatzen dute sorta honen altxor ederra. Elkarteko horretako hiru kide hurreratu dira aitortza jasotzera: Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Rikardo Badiola.
Gari Suarezek eta Maddi Agirrek gidatu dute ekitaldia, eta parte hartu dute baita ere, Xubton Stilt jazz taldeak, Antton Aranburu kantariak eta Lautada ikastolako ikasleek.