Armentia Ikastolan aspaldikoa da ikasgai honen aldeko apustua, eta orain dela lau urte, Ikastolan Batxilergoa sortzearekin batera, Arte Hezkuntza hautazkoen artean sartu zen, ordura arte Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan egiten zen lan oparoari jarraipena eman nahian.
Ordutik hona, Arte Hezkuntza ideia eta proiektu ezberdinen haztegi eta laborategia izan da. Horietako bat da, zalantzarik gabe, Peiok, Ainhoak, Libek eta Unaik sortu duten ikus-entzunezko lana. Gazteek eurek azaldu dizkigute proiektu honen gakoak: "Mugak” gaia planteatu zitzaigun, ikus entzunezko eta gorputz adierazmeneko baliabideak erabiliz grabazio bat ekoizteko proposamenarekin. Une horretan azaroaren 25a gertu genuen, eta egokia iruditu zitzaigun honekin lotutako lan bat egitea. Gainera, nahiz eta gizarte moduan aurrerapauso nabarmenak eman ditugun, asko daukagu hobetzeko”.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna du ardatz lan honek, baina harago joan nahi, eta hausnarketa orokorrago bat plazaratu nahi izan dugu: “Lan honetan islatu nahi izan duguna gaur egungo gizartearen jokaera izan da. Bideoaren lehen zatian argi ikusten da neska bat erasotua denean beste askorengan ere eragina baduela. Bigarren zatian, aldiz, emakume ahaldundu eta boteretsu bat ikusten dugu”.
Azaroaren 25aren haritik tiraka martxoaren 8ra heldu gara, hots, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunera. Data horri begira publikatuko dugu euren bideoa Armentiberrin, baina lau gazteek argi daukate dataren sinbolismoaz harago joatea ezinbestekoa dela: “Martxoak 8 beste edozein egun arrunt bat da guretzat, non egunero gogoratu beharko genukeena azpimarratzen den: Berdintasun eza bizitzako esparru desberdinetan, emakumeen kontrako indarkeria matxista… Hau kontuan harturik, lan honekin beste azken mezu bat helarazi nahi diogu publikoari: Ez dezagun egun bakarrean aldarrikatu urteko 365 egunetan gertatzen dena. Ez da nahikoa, inondik inora”.