Skip to main content

30. Jardunaldi pedagogikoak: euskara ardatz

Hezkuntzatik euskara biziberritzeko eta murgiltze eredua indartzeko egin beharreko aurrera urratsak, zein dira?

Irudia
jardunaldi pedagogikoak 2026

Beste urte batez Euskal Herriko Ikastolak elkarteak jardunaldi pedagogikoak antolatuko ditu. Aurtengo izenburua Euskalduntzen duen hezkuntza, erronkak eta estrategiak izango da, eta beraz, euskara ardatz izango dute. Jardunaldiak azaroaren 18an izango dira, egun osoan, Donostiako Kursäal jauregian

Horrela, Euskal Herriko eta nazioarteko aditu eta arituen eskutik, egungo egoera aztertu eta, erronka berrien aurrean, hezkuntzatik garatu beharreko estrategiak partekatuko ditugu.

Argi dago, euskararen normalizaziorako arlo estrategikoa da hezkuntzaren sektorea. Bete-behar horri erantzuteko estrategien inguruan hausnartuko dugu Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan. Herri erronka berriak ditugu eskuartean, eta elkarrekin hausnartzeko topagune izango dira.

Euskalduntzearen inguruko eztabaida hezkuntzaren esparrura iritsi da eta horrek agerian utzi du euskal hezkuntzak bat eginda aurrera urratsak egiteko premia. Murgiltze eredua defendatu ez ezik, birpentsatu eta indartzeko bideak esploratuko ditugu jardunaldietan; baita euskarak herri kohesiorako elementu izaten jarrai dezan garatu beharreko estrategia eta baliabide berriak ere, errealitate soziolinguistikoa aldatzen ari den honetan.

Orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneei erreparatu, gaur egun esku artean ditugun erronkak aletu eta, erronka horien baitako estrategiak mahaigaineratzeko eta horien lurreratze pedagogikoa aztertzekoabagunea eskainiko digute aurtengo jardunaldiek. Euskal Herriko eta nazioarteko erreferente, aditu eta arituen eskutik egingo dugu bidea.

Jardunaldiak irekiak dira, beraz, familiei ere gonbidapena egin nahi dizuegu, ahal izatera, bertaratzeko.

PROGRAMA eta IZEN EMATEA

Azken albisteak

Euskarazko sorkuntza ardatz, hiruna egin dituzte Bigarren Hezkuntzako ikasleek.
Berandu baina garaiz, hortxe dituzue XX. Kross BTT martxaren irudiak.