Skip to main content

Gozatu eta indarberritu!

Badator udako oporraldia.

Irudia
LOGOA IKASTOLA UDA

Urtero antzekoa esaten dudalakoan nago, baina ez dirudi ikasturte oso bat joan denik irailean ongi etorri mezua bidali nuela. Konturatu gabe, berriz ere dugu atarian udako solstizioa eta, horrekin batera, indarberritzeko udako oporraldia. 

 

Ikastolako ikasleak borborka daude. Nagusienek, honez gero, ikasturte akademikoa bukatuta. Baten bat(zu)ek kostata, baina tira! Txikiak ere pozik eta alai ikusten ditugu, badakitelako hemendik gutxira jolaserako ordu gehiago izango dituztela. Halere, egia ere bada, hainbatek faltan botako dituztela ikastolako txokoak, lagunak, bai eta irakasleak ere.

 

Badator orain, beraz, atsedenerako tartea, eta nire aldetik ahalik eta ongien pasatzea opa dizuet. Halere, erreparatu, mesdez, ohiko gomendioei. Batetik, aska itzazue seme-alabak pantailetatik. Inguruaz goza dezatela, ingurukoekin goza dezatela. Bigarrenik, anima itzazue libururen batean murgiltzen, goza dezatela irakurtzearekin, zernahi dute aukeratzeko. Azkenik, nola ez, probestu ditzatela oporrak mingaina euskaraz askatzeko. Badira Gasteizen hainbat aukera euskaraz eta euskararekin gozatzeko, anima itzazue.

 

Besterik gabe, gogoan izan Andra Mari Zuriko jaietan ohiko txandak egingo ditugula GEU txosnan, laster izango duzue izena emateko galdetegia. Horrekin batera, jakin ezazue, hurrengo ikasturteak berrikuntzak ekarriko dituela gure arteko komunikazio-bideetan, eta horren berri ere laster emango dizuegu. Orain, beraz, atseden hartu eta gozatu.

 

Urtero legez, idazkaritzan uztailaren 17ra arte egongo gara lanean, eta abuztuaren 24an beriz ere izango gaituzue ikastolan.

 

Besterik gabe, ondo-ondo izan!

Azken albisteak

Pasaden astean, zirkuaren magia gure ikastolara iritsi zen! LHko ikasleak HH4ko  gelara etorri ziren eta hainbat zirku-trikimailu ikusgarri erakutsi zizkieten.
Ikastolako Zuzendaritzak bultzatuta, eta gure material propioetan oinarrituta, Haur Hezkuntzako jantokian euskararen erabilera sustatzeko ekimen berri bat jarri dugu martxan.