
2026. urteko Araba Euskaraz jaia aurkeztu da gaur, azken aldietan bezala, Araba Euskaraz urtea izango dena, urtean zehar hainbat ekintza programatuko baitira. Jaia, ohi bezala, ekainean ospatuko dugu, 14an, Amurrion. Urteko ekitaldiei, berriz, azaroan emango zaie hasiera, hura ere Amurrion. Izan ere, Amurrioko Aresketa ikastola laguntzeko egingo dugu 2026ko Araba Euskaraz.
Taupadak berpiztu! Izango da urte honetako leloa.
Aurreko lau edizioak, pandemia ostekoak, Arabako zortzi ikastolok elkarrekin antolatu ditugu Araba Euskaraz, eta Gasteizen ospatu ditugu lau ekitaldiak. Horiekin alderatuta, aldaketa batzuk izango ditu 2026ko Araba Euskarazek. Lehena, ez dela Gasteizen ospatuko, Amurrion baizik. Bigarrena, Aresketa ikastolak hartuko duela antolaketaren pisu handiena, beste zazpi ikastolak ere hor egongo garen arren Aresketa ikastolak nahi eta behar duen guztietan esku bat luzatzeko.
Antolaketa tradizionalera itzuli gara eta hauek dira arrazoiak: Aresketa ikastolako komunitateak nahikoa indar eta gogo dituela Araba Euskaraz antolatzeko eta Amurrion ospatu nahi dutela Araba Euskaraz. Araba Euskaraz elkarrekin antolatzen hasi ginenean adierazi genuen, ez genuela formatua eta lekua betikotzeko asmorik.
Era berean, hurrengoa lehengo formatura itzuliko den arren, ez du esan nahi hurrengo edizioetan berriro ere zortziok batera antolatzeko aukera baztertzen dela. Hortaz, Armentiako komunitatea ere bidaideak izango gara.
Urtean zehar hainbat ekimen eramango dira aurrera, azarotik hasita. Datetan aldaketaren bat izan daitekeen arren, eta aipatzen direnez gain besteren bat ere antolatu daitekeen arren, hauexek dira gaur egun buruan ditugun ekimenak:
- Azaroak 9: Araba Euskaraz 26 Aurkezpen jaia (Amurrio).
- Abenduan: Gazte Talent lehiaketaren finala (Gasteiz).
- Urtarrilak 25: Go!azen kontzertua, (Gasteiz).
- Otsailean: Araba Euskaraz ́26 Euskal Pilota Topaketak, (Amurrio).
- Martxoan: Araba Euskaraz ́26 Jai Alai Masters Series, Jai Alai liga (Gasteiz).
- Apirilean: Araba Euskara ́26 kantaren aurkezpena. (Aiaraldean)
- Maiatzean: (zehazteke)
- Ekainak 14: Araba Euskaraz 2026 jaia, (Amurrio)
Araba Euskaraz egunari begira, berriz, aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko ditugu. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilera bultzatuko duena.
Guztion taupadek berpiztu dezatela Aresketa ikastola!