Skip to main content

BAGATOZ ikastolara

Irudia
Erakusketa

Udako oporraldiaren ostean BAGATOZ ikastolara. Bagatoz irakasleok, ez-dozenteok, begiraleok, garbitzaiIeok, sukaldariok… eta, noski, bazatozte ikasleak eta familiak ere. 

Ikasturte berriak erronka berriak dakartza berarekin, eta Armentia ikastolan ere halaxe izango da, horrela, gure hezkuntza-markoan sakontzen jarraituko dugu pertsona-eredua oinarri, bigarren hezkuntzan ikasleen tutoretza integrala bideratzeko ONKI programa abian jarriko dugu… Erronka berri bezain ilusionagarriak. Bagatoz, beraz, ilusioz eta indarrez!

Izan ere, biharko gasteiztarrak, biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen herri ekimena da Armentia ikastola. Euskara eta euskal kultura ardatz dugu, bai eta hezkuntza eraldatzailearen eta integralaren aldeko konpromisoa ere. 

Betalde, ikasturte-hasiera konpromisoak hartzeko garaia ere izaten da. Hartara, euskararen aldeko urratsak egitera animatu nahi zaituztegu. Zabaldu berri dute Gasteizko euskaltegiek matrikulazio-kanpaina, eta seguru gaude zuen egunerokoarekin uztargarria den eskaintzaren bat izango dela.  Horrekin batera, aurten ere lotsa kendu eta euskararen erabilera astintzeko Mintzalagun taldeak sortuko ditugu gurasoekin ikastolan, horren berri laster izango duzue. Kontuan izan zeuok ere garrantzi handia duzuela seme-alaben euskalduntze-prozesuan.

Eta, amaitzeko, gogoan izan larunbatean Gasteiz euskararen hiria izango dela. Goizeko hamaiketatik aurrera, Andra Mari Zuriaren plaza euskararen arnasgunea izango da, bertan antolatutako ekimenei esker. Gainera, egun hori probestuz, euskalgintzak arratsaldeko seietarako antolatu eta  Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko den kalejiran parte hartzera animatu nahi zaituztegu, lau haizetara aldarrika dezagun “Euskara kalean eta bizirik: denon ardura, denon indarra”

Ikasturte berri on!

Paul Bilbao Sarria
Zuzendari orokorra

 

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.