Skip to main content

ELKARRIZKETA | Nerea Morales, ikastolako lehendakari berria

Ikastolako ama, langilea, Kontseilu Errektoreko kidea eta Hezkidetza Taldeko arduraduna da Nerea. Orain, Ikastolako lehendakari kargua hartu du.

Irudia
NereaMorales

Nerea Morales ikastolako hezitzailea, ama eta Kontseilu Errektorean ere parte hartzen du. Horrez gain, Hezkidetza Taldeko arduraduna ere bada. Orain, Ikastolako lehendakariaren kargua hartu du, eta, besteak beste, horrek suposatzen duenaz, ikasturteko balantzeaz eta datozen erronkaz hitz egin digu. 

Nola bizi du lehendakariak Armentia Ikastola?

Badira hamaika urte ikastolako kooperatibista naizela, nire seme nagusia jaio zenetik. Argi genuen nola eta non hazi eta hezi nahi genuen gure txikia etxetik kanpo, ez bakarrik Ikastolak euskara eta euskal kulturarekiko duen atxikimenduagatik, baita bere izaera berritzaile eta kooperatiboagatik ere. Izan ere, nire ustez, azken honen balioek aukera paregabea eskaintzen dute elkarlanean aritzeko, bazkide guztien partaidetza ongi etorria den honetan.

 

Bertako langilea izateak, bestalde, Ikastolaren ikuspegi zabalagoa eskaintzen dit, baita Kontseilu Errektoreko kide izateak ere; honek guztiak ondorio berera narama: inplikatutako guztiek, bai familiok presente izan ohi ditugunak (hala nola, irakasleak) bai pedagogikoki gidatzen gaituztenak edo modu batera edo bestera dauden horiek  (idazkaritzan, jantokian, zein garbiketan edo mantenuan daudenak), haien onena ematen dute Ikastolak norabide zuzenean aurrera egin dezan.

 

Eta horrek, familiek sortzen duten gertuko giroarekin batera, familia honen kide izateaz harroago sentiarazten nau, izan ere, etxean ditugun altxor horiek ahalik eta ongien heztearen alde egiten dute.

 

Zure ustez, zein dira ikastolak eskuartean dituen erronkak?

Irakaslegoari dagokigunez, aurten IHMO edo Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren inguruko formazioa jaso dugu. Bertan, pertsona-eredua ardatz, hezkuntza-proiektu berrituari buruz eta etorkizunera begira egin beharreko urratsen inguruan hausnartu dugu. Esku artean dugun erronkenetako bat, hortaz, zehazki gurera, hots, Armentiara, ekartzea da, irteera-profiletik pertsona eredura jauzia egitera baikoaz.

 

Bada, bestalde, gure irakasleak erdigunean jarri bai, baina komunitatera osora ere zuzenduta dagoena: euskara. Jakin badakigu egoera soziolinguistikoa eta egungo gizartea, oro har, agian ez direla ingururik egokiena euskaraz benetan bizitzeko, baina hauxe da lortu nahi duguna: euskaldun eleanitzak hezteaz gain, gure ikasleen gaitasunean eta erabileran eragitea.

 

Horretarako, ikastolan hainbeste ordu pasatzen ez dituztela aintzat hartuta, ezinbestekoa da neurriak ikastolatik at ere hartzea. Hala, familia bakoitzaren egoera ezberdina bada ere, komenigarria da aisialdian eta bestelako jardueretan euskararen erabilera sustatzea, bidelagun izango garen prozesu honetan.

 

Ba al da, zure ustez, lehentasunez landu beharreko zerbait?

Erronkarik nagusienetako bat, kooperatiba integrala garen honetan, gurasoen zein langileen ikastolarekiko atxikimendua areagotzea da, osotasunean iristea baitugu helburu. Ikastola sortu zeneko balioek berak izaten jarraitzen badute ere, gauzak eta egoerak aldatzen joan dira, eta gaur egun garen familia handi honekiko, alegia, Ikastolarekiko, atxikimendua piztea lortu beharra daukagu.

 

Nire ustetan, eta aurretik esan bezala, harro egoteko moduko kooperatiba izaera dugu, eta partaide guztiok erabakitzeko eta parte hartzeko aukera dugu. Baina, helburu horiek lortzeko eta, era berean, komunitate osoaren parte-hartzea areagotzeko, urratsak eman behar dira lehenbailehen.

 

Jakin badakigu bakoitzak bere egoera pertsonalak dituela, eta askotan ez dela erraza norberarentzako tarteak ateratzea. Hala ere, ahal dugun heinean, bakoitzak bere aletxoa jarriz, gure txikiek eta hain txikiak ez diren ikasle eta seme-alaba horiek behar duten ikastola eraikitzen jarrai dezagun.

Azken albisteak

Armentiako Hipika Zaldiaran zentroan izan ziren aurreko astean, eta oso egun berezia pasatu zuten.
Gaur da izena emateko azken eguna. Hala ere, oraindik izena eman ez baduzu, aukera dago egunean bertan ikastolara joan eta txangoan parte hartzeko.
Dagoeneko ikusgai dituzue asteburu honetako eskolaz kanpoko ekintzak.
Zuhaitzak aztertu eta biodibertsitatearen eta kontserbazioaren garrantzia landu dute.