Skip to main content

Hiru ordezkari berri Kontseilu Errektorean

Otsailaren 27ko Batzar Nagusiak Kontseilu Errektorearen bost kide hautatu zituen, horietatik hiru berriak izango dira.

Irudia
KE KIDE BERRIAK

Hurrengo lau urteetan hiru aurpegi berri lotuko zaizkio Armentia Ikastolako Kontseilu Errektoreari: Irune Ormazabal, Álvaro Beraiz eta Ricardo Otxoarena, hain zuzen ere. Haiekin izan gara, eta lehen iritziak jaso nahi izan ditugu.

Zergatik erabaki duzue Kontseilu Errektorean parte hartzea?

Irune Ormazabal: Ikastolaren lanean gehiago inplikatzeko asmoarekin sartu naiz, nire bizitzaren parte baita.

Alvaro Beraiz: Batez ere, Armentia Ikastolaren eredu kooperatiboarekin koherentea delako. Uste dut nire ekarpena egin dezakedala gure familientzat hain garrantzitsua den proiektu honek aurrera egin dezan.

Ricardo Otxoa: Ikastolako langile eta familia gehienak ez gara langile edo bezero hutsak. Komunitate bateko kideak gara, kooperatiba bateko bazkideak alegia, eta ikastolako bizitzan, kudeaketan eta erabakietan parte hartzeko aukera dugu. Urte hauetan langile eta guraso batzuen konpromisoa eta lana ezagutu ditut, eta horrek neu ere nire aletxoa jartzen saiatzera animatu nau.

Zer suposatzen du zuentzat ARMENTIA IKASTOLAk?

I.O. Lehen aipatu dudan bezala, nire bizitzaren parte da, niretzat familia handi bat da, eta bakoitzak ditugun ardurak bete egin behar ditugu.

A.B. Armentia Ikastola oso gune garrantzitsua da, izan ere, gure txikiek bertan ematen dituzte beren bizitzan funtsezko lehen urratsak: prestakuntza akademikoa, lagunak, balioak...

R.O. Familia eta gero, gure seme-alaben hezkuntzaren ardatz nagusietako bat. Niretzat Armentia Ikastola bizirik dagoen komunitate parte-hartzailea da, entzuteko eta eragiteko gaitasuna duena, leku ireki eta atsegina.

Komunitate bateko kideak gara, kooperatiba bateko bazkideak, alegia, eta ikastolako bizitzan, kudeaketan eta erabakietan parte hartzeko aukera dugu.

Hurrengo urteetan zein eremutan eragin behar dela uste duzue?

I.O. Ez dakit zein erronka izango ditudan aurrean, baina badakidana da Armentia Ikastola den familia handi hau hobetzeko ahal dudan guztia egingo dudala, beti ikasleak erdigunean izango ditudalarik eta familiako beste kideek ahaztu gabe.

A.B. Alderdi askotan aurrera egitea gustatuko litzaidake, baina bi aipatuko nituzke: kirola, balioetan osagarri ideal gisa, gizarte-harremanak...; eta parte-hartzea. Ez dugu ahaztu behar kooperatiba bateko kide garela eta, koherentziagatik, denok busti eta gure presentzia handitu beharko genukeela ikastolan: auzolanak, ikastolako jaia, Araba Euskaraz, ikastolako kudeaketa-organoak...

R.O. Oraindik ere euskararen ezagutza eta erabilera zutabe eta zutoia izan behar dira, bai eta titulartasunetik haratago doan publikotasunaren eta iniziatiba sozialen defentsa. Horretan ikastolen ekarpenak ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Horretaz gain, ziur aski erronka berri batzuei ere heldu beharko zaie: eboluzio demografikoaren eragina matrikulazioan eta egoera berrira moldatzeko hartuko den norabidea; ikastolako eremuak, eraikinak eta azpiegiturak berritzeko beharrak sor ditzakeen aukerak; edo adimen artifizialaren onurak eta kalteak hezkuntza prozesuan.

Azken albisteak

Armentiako Hipika Zaldiaran zentroan izan ziren aurreko astean, eta oso egun berezia pasatu zuten.
Gaur da izena emateko azken eguna. Hala ere, oraindik izena eman ez baduzu, aukera dago egunean bertan ikastolara joan eta txangoan parte hartzeko.
Nerea Morales ikastolako hezitzailea, ama eta Kontseilu Errektorean ere parte hartzen du. Horrez gain, Hezkidetza Taldeko arduraduna ere bada.
Dagoeneko ikusgai dituzue asteburu honetako eskolaz kanpoko ekintzak.