Badirudi herenegun idatzi nituela ArmentiBerrin oporraldi ona opatzeko lerroak, izan ere, konturatu gabe ekin diogu ikasturte berriari. Egun ederra izan genuen irailaren 9a, ikasle guztien algarak, gutxi batzuen negarrak, baina bereziki, guztiek ekarri zuten energia, oporraldian indarberritu izanaren seinale.
Ikastola bera ere indarberrituta dator 2024-2025 ikasturtean. Aurreko ArmentiBerrin esan bezala, patioan lehen eskuhartzea egin dugu, eta honez gero, ekin diote gure ikasleek bertan gozatzeari. Aurrerago emango dizuegu horren berri, baina LHko lehen eta bigarren mailari lotutako espazioa ere berregin dugu, egun garatzen dugun pedagogiarekin bat eginik.
Baina, espazioez gain, berrikuntza gehiago dakartza ikasturte hasi berriak. Honez gero, jaso duzue mugikorren erabilera arduratsuari behar bezala erantzuteko Ikastolako zuzendaritzak, Kontseilu Errektoreak eta Altxa Burua taldeak adostutako dekalogoa. Hor ere, aitzindari izan nahi dugu, eta egun horrenbeste kezkatzen gaituzten inertziei aurre egin nahi diegu geure eguneroko jardunaren bidez.
Ikasturte berrian, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ekaineko batzarrean onartutako estrategia eta ildoak gurera ekarri beharko ditugu, eta zalantzarik gabe toki esanguratsua hartuko du ikastolako irakasle eta gainerako langileok Ikastolaren Hezkuntza Marko Orokorra geureganatzeko egingo dugun lanketak, finean, ikastolan lortu nahi dugun pertsona-eredua izango dugu une oro langai.
Ikasturte berria, asmo berriak, erronka berriak… baina hori dena elkarrekin egin behar dugu. Bada bereizten gaituen zerbait, gure kooperatiba izaerak. Armentia Ikastolan denok erabakitzen dugu geure etorkizuna, eta horri begira, ikasturte-hasierako diosala probestu nahi nuke irailaren 26an izango dugun Ez Ohiko Batzar Nagusira bertara zaitezten.
Eta jarrai dezagun, beraz, beste ikasturte batez, garena zabaltzen!
Paul Bilbao Sarria
Zuzendari orokorra