Euskarazko Wikipediak milioi erdi artikulu ditu dagoeneko. Mugarri historikoa 25. urteurrenaren atarian iritsi da, eta badu berezitasun bat: 500.000. artikulua Gasteizko Armentia Ikastolako, DBH2ko, lau ikaslek sortu dute Txikipedian.
2001eko abenduan sortu zen euskarazko Wikipedia, eta ia 25 urte geroago, 500.000 artikuluen langa gainditu du. Urte hauetan guztietan, milaka wikilarik parte hartu dute entziklopedia librearen garapenean, askotariko gaiei buruzko artikuluak sortuz, osatuz eta eguneratuz.
Oraingoan, ordea, mugarriaren protagonista nagusiak ikasleak izan dira, Armentia ikastolako ikasleak. Izan ere, gure Ikastolako lau ikaslek sortu dute «Gasteizko arkupea» artikulua Txikipedian, haur eta gazteei zuzendutako euskarazko Wikipediaren atalean.
Naroa Zancada, Laia Miguel, Ilune Chavez eta Nira Ganuza dira artikuluaren egileak. Haien lanari esker, euskarazko Wikipediak milioi erdi artikuluen kopurua lortu du.
Txikipediak aukera ematen die haur eta gazteei informazioa kontsultatzeko ez ezik, ezagutza sortzeko eta partekatzeko ere. Ikasleek artikuluak idazten dituzte, informazioa bildu eta antolatzen dute, eta beren ekarpenak edonoren eskura jartzen dituzte.
500.000. artikulua ikasleek sortu izana Armentia ikastolaren eta Wikimedia proiektuen arteko loturaren adibide da.