Aurreko ostiralean jokatu zen Araba Euskaraz Master Series delakoaren lehen finalerdia. Aritz Erkiagak bere boladari eutsi zion Gasteizen. Jai Alai Leagueko 14. partidua, eta 14. garaipena. Oraingo honetan Julen Del Rio arabarrarekin bikotea osatuz. Normalean baino erremate gutxiago egin zituen Ispasterkoak, Aaron aurkaria heldu egiten baitzen bere jokaldietara. Aurrelari gasteiztarrak partidu ona egin zuenbaina partiduko tantua Julen Del Riorena izan zein. Eskuinarekin ikaragarrizko horma-bikoa bota zuen. Indarrarekin, abiadurarekin eta elegantzia handiz. Gorka Sorozabalek ere lortu du bi paretarekin tantua baina edozein kasutan Erkiaga izan zen partiduko onena.
Jaialdiari hasiera eman zion partidan, Erika Mugartegi eta Naroa Merino garaile. Erika, beste behin ere, oso seguru ibili zen eta bere ahalak erabaki zuen partidua. Merino tolosarrak ere ondo jokatu zuen eta bi setetan garaitu zituzten Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal. Bikote horian, Berriatuko atzelaria izan zen onena.
Datorren larunbatean Masterseko bigarren jardunaldia jokatuko da. Emakumeetan, Maite Ortiz de Mendibil etxeko pilotaria eta Arai Lejardi markinarra, Elaia Gogenola eta Frida Watknisen kontra. Gizonezkoetan, Xabi Barandikaren itzulera izango zen albiste. Pasaden abuztutik lesionatuta egon ondoren, bere betiko lagun eta bikotekidea, Lekerika izango zuen atzelari, Ludo Laduche eta Jon Zabalaren aurka.
Azkenik, gogoratu, seietan hitzordua jarri dugula ikastolan trikitilariekin batera frontoira elkarrekin joateko.
Bi partidetarako sarrerak SALGAI daude.