Skip to main content

Maite Gutierrez, aholkularia: “Ikaragarria da elkar nola ulertzen duten; familia txiki bat sortzen da, magikoa da”

Heziketa Premia Bereziak dituzten ikasleekin aritzen da Maite Gutierrez aholkularia, beste lankideekin batera. Laguntzeaz haratago, arnasgune bat sortzeaz eta zaintzeaz arduratzen dira.

2024/03/21
Irudia
ApaingarriakHPB

Berezi. 1 adj. Bati edo bakan batzuei soilik dagokiena; bere motakoen artean, besteak ez bezalakoa, berealdiko tasunak dituena. 2 adj. Desberdina.

Desberdin. 1 adj. Beste ezaugarri edo nolakotasun batzuk dituena. 2 adj. Ezaugarri edo nolakotasun berak ez dituztenak. 3 adj. Itxuran edo nolakotasunean aldaketak dituena.

Gure gizartean berezi edo desberdin hitzen esanahia ezagutu bai, baina onartzea kostatzen zaigu askotan. Artaldetik at geratzearen beldur, agian. Estandarrak ez diren ezaugarriak izatea txarra balitz bezala. Desabantaila bat.

Eredu normalizatu batetik kanpo dagoenaren bidea ez da erraza, eta ahalegin handiak eskatzen ditu horrek. Baina ondoan babesa eta laguntza badago, bidea arindu egiten da.

Gurera ekarrita, hori da, hain zuzen, gure Hezkuntza Premia Bereziko langileek (PTak, hezitzaileak eta aholkulariak) egiten dutena: laguntza eskaini. Bai gurasoei, bai ikasleei eta baita langileei ere. Departamentu osoaren lana oso garrantzitsua dela dio Maite Gutierrez HH eta LHko aholkulariak; irakasleentzako laguntza dagokionez: “Gogorra da esatea, baina 25 umerekin daude, eta premia berezikoek behar dutena emateak asko eskatzen du; horregatik, sostengu bezala beste norbait izatea eskertzekoa da”. Eta umeek ere babes hori behar dute: “Askok laguntza txiki batekin nahikoa dute, baina beste batzuek dauden artaldetik kanpo arnasguneak behar dituzte”.

Inklusioa ahaztu gabe, arnasgune hori sortzea ikaragarria dela dio Gutierrezek: “Pasada bat da gelatik atera eta batera jartzen ditugunean elkar nola ulertzen duten; magikoa da, familia txiki bat bezala sortzen da”. Hori horrela izateko, hainbat proiektu eta ekintza antolatzen dituzte. Tartean, Ostiral Film eta Sukaldaritza: “Hilabete amaiera bakoitzean, garaiaren arabera, horrekin zerikusia duen pelikula bat aukeratu eta ikusten dugu (Halloween, Gabonak…). Sukaldaritzan, errezeta bat bilatu eta prestatzen dugu”. Sinplea badirudi ere, hasieratik amaierarako prozesua dago: “Ostiraleko ekintzan haiek antolatu behar dute gela, beste lagunen bila joan, palomitak prestatu… horrelakoak; sukaldaritzan, nagusiek errezeta bilatzen dute eta ondoren, erosketa zerrenda egin eta erosketetara doaz, dirua manipulatzen dute, tresnak atera eta mahaia prestatu eta ondoren jasotzen dute. Lanketa bat da, finean”.

Askok laguntza txiki batekin nahikoa dute. Beste batzuek artaldetik kanpo arnasguneak behar dituzte.

Ikasleek pila bat gozatzen dute ekintzekin, eta poz-pozik eta gustora aritzen dira. Izan ere, nahiz eta gela barruko artaldean egon, “kontziente dira ez direla iristen, ez dutela ulertzen, urduri jartzen ari direla. Orduan, batzen garenean, gutxi gorabehera denok gaudenez sintonia berdinean, hor sortzen da lehen esan dudan magia berezia; gero, patioetan eta pasilloetan elkar agurtzen dute, hurrengoa noiz izango den galdetzen dute…”.

Familia txiki bat sortu dugu: patioetan eta pasilloetan elkar agurtzen dute, hurrengo ekintza noiz izango den galdetzen dute... magikoa da.

Gurasoen aldetik, denetarik dute departamentuan: “Guraso bakoitzak bere prozesua, bere dolua dauka. Izan ere, familia hauek egunero-egunero erronkak dituzte; orduan, batzuek nahi izaten dute, baina beste batzuek denbora galtze bat bezala ikusten dute”. Jarrera edozein dela ere, familiek erabakitzen dutena onartzen dute, inolako presiorik eta konbentzitzen saiatu gabe: “Gure lana ere bada errespetua erakustea, eta gurasoek hori ikusten dutenean, lagungarriagoa da, errazagoa. Lasaitasuna eta konfiantza ematen diegu, eta horrek laguntzen diela pentsatzen dut”.

Aipatutako ekintzak soilik lagin bat dira; badituzte gehiago buruan. Motibazioa badago: “Guk ikusten dugu bizitasuna ematen diogula ikastolari. Orduan, hein batean, gure asmoa hor gaudela eta guk ere gauzak egiten ditugula sozializatzea edo ikusaraztea da”.

Izan badira hasiera-hasieratik artalde estandarretik atera eta bereziaren parte izatera pasatu direnak. Baita beranduago desberdintasunak onartu eta batu direnak ere. Azken finean, berezitasuna bera ez baita hain garrantzitsua; benetan aintzat hartu behar dena hauxe da: berezitasun horretan errespetatua, onartua, babestua eta lagundua sentitzea. Libre sentitzea.

Azken albisteak

2024-12-05
BATXIko ikasleak Durangoko Azokan izan dira gaur. Euskarazko sorkuntzaren bilgune garrantzitsuen bihurtzen da Durango urtero abenduaren hasieran.
2024-12-05
DBH3ko ikasleak idazle eta ilustratzaile lanetan aritu dira, Euskal Herriko ikastola guztietatik pasako den liburua osatzen.
2024-12-05
Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera.
2024-12-05
“Euskara da Armentia ikastolaren bizkarrezurra, euskarak egiten gaitu ikastola, euskara gara”.