3. Ziklo Pedagogikoaren amaierara heldu gara konturatu gabean. Asteartean izan genuen gurekin aurtengo azken hizlaria: Miren Ros. Hezitzaileak ‘Pantailen presentzia eta erabilera haurtzaroan’ hitzaldia eskaini du, eta bertan, besteak beste, pantailak gure umeengan duten eraginaz, helduok egiten dugun erabilera propioaren hausnarketaz eta erabilera egoki baten aldeko gomendioaz aritu zen.
Jakingo duzuenez, Miren Ros Aiartzaguena Bidelagun proiektuaren sortzailea da, eta familia eta hezitzaileentzat informazioa, formakunta eta aholkularitza eskaintzen ditu. Goiza eta arratsaldea gurean egin ditu, eta berarekin tartetxo bat egoteko aprobetxatu dugu.
Zer eragin dute pantailek adin horretan? Menpekotasuna ere sor diezaiekete?
Pentsatu behar dugu ume horien garunak garatzen ari direla. Orduan, ume bati jartzen dizkiozun esperientzien arabera, bere garuna modu osasuntsu, eraikitzaile, aberats batean garatuko da edo modu guztiz kontrakoan. Horregatik, oso garrantzitsua da, batez ere adin txiki hauetan, pantailen esposizioa zero edo ia zero izatea.
Menpekotasunaren aldetik, noski sortzen duela, eta horrek duen eragina horren garun gaztean latza da oso, izugarria.
Zer ikuspuntu dute ikasleek? Arriskuez kontziente dira?
Bai, baina beste puntu batean daude. Oso kritikoak izan daitezke, eta haien begirada lantzen dugunean errazagoa izaten da. LH 5ekoei egoera ezberdinak planteatzen dizkiet; esaterako, galdetzen diet ea kalean lagunekin jolasean daudenean, baten batek pantaila bat ateratzen duenean, jolasa mozten den, eta haiek baietz erantzuten dute orokorrean, baina arazoaz jabetzen dira. Gustatuko litzaidake hausnarketa horiek grabatzea eta hemendik bi urteetara haiei erakustea eta nola dauden ikustea.
Baina, gutxienez, barne hausnarketa egiten dute…
Bai, bai. Batzuek ez dutela nahi diote: “Niri esaten didate 12 urterekin mugikorra erosiko didatela, baina nik ez dut behar”. Batzuk puntu horretan daude, eta pozgarria da. Era berean, etxe batzuetan lanketa egiten dutela ikusten da. Pixkanaka. Nire ustez, orokorrean gizartea gai honen inguruan aldatzen ari da, eta kontzientzia eta sentsibilizazioa badago. Geletan eta familietan nabaritzen dut hori.
LH5ekoekin, zehazki, polita da, batzuek mugikor propioa duten anai-arreba zaharragoak dituztelako, eta ikusten ari direlako nolako erabilera ematen dioten, haien harremana nola aldatu den -haiekin jada ez dutelako hainbeste jolasten-, beti pantailari begira daudela... Hori haiei erakustaraztea ere garrantzitsua da: “Konturatzen zarete? Zuek hori nahi duzue?”. Argi dute ezetz, beraz, falta zaigun beste hanka familiekin lanketa egitea da; atzeratu dezatela erabilera, benetan merezi baitu. Funtsean, pantaila sartzen dugunean, haien berezko baliabideak ez dituzte martxan jartzen, horien menpeko bilakatzen dira, eta gainera, haurtzaroa murriztu egiten da, ez dute jolasten.
Beste askok konturatzen dira gurasoek mugikorra edo tableta uzteko esaten dietela, baina gero helduak dira mugikorrarekin daudenak, eta arrazoia dute. Gurasoek ez badute pausua ematen… Eredua gara, hori argi daukat.
Umeen garunak garatzen ari dira; jartzen dizkiogun esperientzien arabera, bere garuna modu osasuntsu, eraikitzaile, aberats batean garatuko da edo modu guztiz kontrakoan.
Zer nolako kezkak dituzte gurasoek?
Batetik, nola kudeatu askotan haiek ikusten dutela pantaila ematearen beharra, bestela ez dakite zer egin. Gertatzen dena da pantaila bat jartzen dugun momentutik, ez dagoela umerik. Nire ustez, eta hori ere jakinarazten diet gurasoei, inportanteena gurasoen presentzia da. Gurasoak hor egotea.
Bestalde, hitzaldietan kezka nagusia ere pantailek umeengan duten eragina da, baina nik arreta helduongan jartzen dut, guk egiten dugun erabileraren hausnarketan. Azken finean, txikiak hori ikusten ari dira, eta pantailari begira gauden bitartean, ez gaude gure umeekin.
Adin hauetan gurasoen presentzia ezinbestekoa dute; gurasoak haiekin egotea, komunikatzea, begietara begiratzea… Horregatik, galdetzen didatenean zenbat denbora komeni den haurrek pantaila aurrean egoteko, nik zero esaten diet. Besterik gabe. Batzuek otorduetan jartzen dizkiete telefonoa edo beste pantailaren bat, “ongi” jaten dutelakoan. Hori oso kaltegarria da askotan, arreta pantailan dutelako, eta ez jaten ari diren horretan.
Adin txiki hauetan pantailen esposizioa zero izatea ezinbestekoa da.
Helduok zer egin dezakegu?
Lehenengo eginbeharrekoa norberak bere erabileraren inguruko hausnarketa egitea eta erabakiak hartzea da. Pausuak ematea erabilera egokiago baten alde. Oso zaila da, baina nik guraizak erabiltzearekin konparatzen dut; guraizak hartu eta zerbait egiteko erabiltzen dituzu, mozten duzu, eta ondoren gorde egiten duzu. Mobilarekin edo tabletarekin ez dugu hori egiten. Erabilera egoki bat egiteko, heldutasuna, formakuntza eta sentsibilizazioa behar dira. Helduok lehenengo gure buruari begiratu behar diogu, eta gero, komunikazioa ireki seme-alabekin.
Baina ez hori bakarrik; ardura gurasoena da, noski, baina gizarteak ere era kolektiboan erantzukizuna badu. Dena interneten bidez dugu: ordutegiak, entrenamenduak… Gizarteak ere horretara bultzatzen gaitu, eta nik uste dut momentua iritsi dela gelditu eta hausnarketa apur bat egiteko. Zentzu horretan, pixkanaka-pixkanaka bide onetik goazela uste dut.