Otsailaren 14an, asteazkenarekin, izango da Hirugarren Ziklo Pedagogikoaren hirugarren hitzaldia. Hausnarketa pausatua eskaini nahi duen foroa da Ziklo Pedagogikoa eta parte hartu nahi duten herritar guztiek dute bertaratzeko aukera.
Hurrengo astean EMAIZE elkarteko Maider García Vicuñak hartu du hitza. Psikologian lizentziatua eta Sexologian du espezializazioa egina. 2002tik EMAIZEn lanean. Sexualitatean xirikatuz liburuaren egileetako bat da.
Zalantzarik gabe, bolo-bolo dabilen gaia da asteazkenean jorratuko duguna. Hitzaldia pornografiak seme-alabengan duen eraginagatik kezkatuta dauden familientzat diseinatuta dago. Pornografiarekiko esposizio goiztiarrak nerabezaroan harreman afektiboei eta erotikoei buruzko pertzepzioa nola molda dezakeen aztertuko dugu. Gainera, gai horri etxean modu eraginkorrean heltzeko jarraibide argiak emango ditugu.
Egungo adibide eta datuen bidez, pornografiarekiko gehiegizko esposizioaren arriskuak eta ondorio negatiboak nabarmenduko ditugu. Gero, familiek beren seme-alabekin pornografiari buruz argi eta garbi hitz egin ahal izateko estrategia praktikoak eskaintzera bideratuko gara, konfiantzazko eta komunikazioko giroa sustatuz.
Azkenik, sexuen heziketa positibo eta osoak pornografiaren eragin negatiboaren kontrapisu gisa duen garrantzia azpimarratuko dugu.
Hitzaldia arratsaldeko 17.30ean izango da. Gogoratu edonor hurbil daitekeela hitzaldietara, eta, interpretazio- zein-zaintza-zerbitzuak egongo direla.
Izena emateko honako galdetegia bete.
Alvaro Beñarani elkarrizketa
Alvaro Beñaranen abiatu genuen 3. Ziklo Pedagogikoa, asteartean. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta jorratutakoak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan:
40 urte baino gehiago daramazu haurrekin, profesionalekin eta familiekin lanean. Nolako eboluzioa eman da heziketan?
Batez ere nabarmenduko nuke heziketaren arloa nola aldatu den. Gero eta zailagoa da heztea; alde batetik, erreferenteak galdu dira. Hau da, lehen ona eta txarra zer den bagenekien. Orain hori ez dugu hain argi.
Bestalde, eta helduok dena erabaki behar dugun heinean, guztiari buruzko informazio gehiegi jasotzen dugu (Internetek eragiten duen informazio olatua dela medio, esaterako). Hori neurri batean alde on bezala hartu dezakegu; izan ere, lehen ez genekizkien gauzak ezagutzen ditugulako gaur egun. Baina horrek zalantza asko sorrarazten dizkigu era berean. Geroz eta informazio gehiago, geroz eta zalantza gehiago. Oreka bilatzen jakin behar dugu.
Zer garrantzia du identitatearen eraikitzea txikitatik?
Gizarte baten parte garen neurrian, identitate propioa eta giza baloreak dituzten pertsonak hezi behar ditugu, elkartasunean oinarritutako gizarte bat lortze aldera. Horretarako, helduon lana ezinbestekoa da. Adibidez, gure haurrak maitasunean eta zaintzan hezten baditugu, hor ere baloreak transmititzen ari gara, eta hori oinarrizkoa eta ezinbestekoa iruditzen zait. Umeak balore horiek barneratuko ditu, babesa eta segurtasuna duela sentituko du, eta horrek eragina izangu du bere nortasunean eta identitatean.
Zer egin dezakegu helduok? Zertan huts egiten dugu?
Bi arrisku sumatu daitezke helduon rol horretan: batetik, exigentzia maila handia eskatzea umeari (esaterako, ez uztea ezer egiten, muga gehiegi jartzea…). Bestetik, guztiz kontrakoa: limiterik ez izatea, eta umea bere kabuz uztea. Zentzu horretan bi modu horietan huts egiten dugu maiz helduok; izan ere, lehen, autoritarismoa erabiltzen genuen, eta orain, oso ongi tratatzen ditugu eta mugarik ez dizkiogu jartzen. Horrek haurrak oso galduta sentitzea dakar. Ondorioz, tarteko bide batera heldu behar gara.
Lau ardatzetan oinarritu da zure hitzaldia. Zeintzuk dira horien gakoak?
Haurra behatu eta garapen prozesuaren etapa edo momentu ezberdinetan zertan ari den kontuan izan behar dugu. Hiru eragin esparru daudela ondorioztatu dugu. Alde batetik, helduek haurrekin duten harremanari dagokiona, hots, elkarrekin egiten duten -edo ez duten egiten- edozein jarduera (etxerako lanak egin, jolastu…). Bestetik, eta sarritan ahazten duguna, helduaren rola eredu bezala. Izan ere, haurraren erreferenterik zuzenena hura izango da. Bi horiei esker jaso duten baliabide autonomoei esker, haurrek tresnak hartuko dituzte, eta identitatea garatu ahal izango dute.
Gure haurren heziketan maitasuna bermatu behar dugu; hortik aurrera, mugak, ezetzak, arauak... ezarri ahal izango ditugu.
Orokorrean, heziketaren oreka mantentzea eta maitasuna bermatzea dira haurren identitatea garatzeko gako nagusiak, horiek izango baitira haurrak erabiliko dituen tresnak. Oinarri horretatik aurrera ezarri ahal izango ditugu mugak, ezetzak, arauak...
Zentzu horretan, helduei modu ezberdinean erantzun behar dutela esaten diet, bakoitza dagoen puntuari erreparatuta. Hau da, oso exigentea den norbaiti, malgutasun gehiagoz jokatzea gomendatzen diot, eta alderantziz. Norberak duen egoera eta jarreraren hausnarketa egitea komeni da, heziketa ahal den heinean ahalik eta orekatuena izan dadin.