Jakin badakizue Xabier Olaso, gure irakaslea izateaz gain, idazlea ere badela. Ibilbide zabalekoa gainera, bereziki, haur eta gazte literaturan. Horretaz gain, poesian ere aritu da, eta bere bildumari beste liburu bat gehitu berri zaio: Mihi-puntaren puntan (urteari bira 365 igarkizunetan). Igarkizunen liburu bat da, baina ez edozein: guztira 365 asmakizun batu ditu, eta amaieran bi jolas-fitxa.
Zirrara nabaritzen zaio begietan literaturaz ari denean, eta are gehiago bere lanez galdetzen zaionean. Argi dago mundu horretan murgilduta daramatzan urteak ez direla pisutsuak berarentzat; ilusioz eta pasioz lan egiten jarraitzen du. Ikastolan lantzen duena liburuetara ekartzen du, eta alderantziz. Kontuan izan 365 igarkizun hauekin ia 1200 asmatu dituela…
Zergatik beste igarkizun liburu bat?
Igarkizun zalea naiz, oso, eta aspaldian hartu nion neurria igarkizunak egiteari. Niretzat oso sortze-lan polita da, oso aberasgarria. Entrenamendu moduan erabili ohi ditut, burua argi izateko eta munduko erreferentzia beste ikusmira baten bidez jasotzeko.
Berezia da, gainera, egunero igarkizun bat botatzeko aukera ematen baitu, urte osoan zehar.
Hala da. Planteamendua egutegi bat egitea izan da. Hilabete bakoitzari esaera zahar bat ipini diot, herri usadioaren erreferentzia bezala, eta egun bakoitzari dagokion igarkizuna. Modu horretan, igarleak ibilbide bat egiten du urtean zehar, “urteari bira 365 igarkizunetan”, eta bide batez, ipuinei aipu bat egiten diet. Horretaz aparte, igarkizunak familian, gelan edo edonon lantzeko bi jolas sartu ditut, nik asmatutakoak; igarkizuna bera jolasteko, dinamizatzeko eta, noski, euskaraz egiteko modu bat izan dadin.
Ilustratzailearen lana ere txalotzekoa da.
Elkarbanatutako lan bat izan da, hain zuzen ere. Ilustratzailearen lana aldarrikatzea oso garrantzitsua dela pentsatzen dut, marrazkirik gabe, liburua erdi biluzik geratzen delako. Zentzu horretan, Higinia Garayri aitortu behar diogu 200 ilustrazio baino gehiagorekin liburua apaintzearen lana. Oso ongi jakin du igarkizunak janzten, eta gainera, oso gustura aritu dela adierazi dit, berarentzat ere sormen-lan handia izan baita.
Edozein liburutegitan topatu ahal izango duzue liburua, edo nahiago baduzue, Durangoko Azokatik pasa datorren astean.
Bakarka zein taldean aritzeko liburu jostagarria da, haur zein helduentzat. Higinia Garay ilustratzaileak egin dituen koloreetako 200 ilustrazio baino gehiagorekin apaindua dago. Liburuaren amaieran, familian edo eskolan igarkizunekin jolasteko bi proposamendaude, bi jolas-fitxa.