Ikastolen Elkartea bidez
Aurreratu genuen bezala, 14 urteren ondoren, Koldo Tellitu Mejiak, Ikastolen Elkarteko lehendakari izateari utzi dio. EHIko Artezkaritza Kontseiluak trantsizioko postuak izendatu ditu 2023ko ekainetik 2024ko ekainera bitarte. Beraz, Nekane Artola Labordeta (Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkaria) hautatu du EHIko lehendakari. Erik Etxart (Bernart Etxepare Lizeoko ordezkaria) izango da lehendakariordea, eta Unai Mendizabalek (Armentia ikastolako ordezkaria) beteko ditu idazkari lanak. Elena Zabaleta (Baztan ikastolako ordezkaria) eta Josune Bañales (Kirikiño Ikastolako ordezkaria), berriz, idazkariorde izendatu dituzte. Bost lurraldeetako kide bana, beraz, Artezkaritzako goren postuetan izendatuak. Aukera ezin hobea lurraldetasunaren ikuspegitik, Ikastolak, gobernantza eredu demokratiko eta berdinzale baten baitan gidatzeko. Elkarrekin ekiteko unea da.
Euskal Herriko Ikastolek 2021ko otsailaren 25an abiatu zuten Bihar Prozesua. Prozesu luze eta sakona, Ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko erabiliko dutena. Euskal Hezkuntza Sistemak izan beharko lituzkeen ezaugarriak barnebiltzen dituen Endekalogoa ere aurkeztu zuten, gogoeta egiteko, osatzeko eta praktikan jartzeko aukera ere ematen duena. Hau da, gaur biharkoaz hausnartu eta etorkizunera begira jartzeko unea da Bihar Prozesua. Eta prozesu honen baitan irudikatzen dute ikastolek Artezkaritzako trantsizio egoera hau ere. 2024ko ekainean egingo den Ikastolen VII. Batzarrean, Ikastolek hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, gobernantza demokratikoaren baitan, berau ahalbideratuko duten Artezkaritza Kontseiluko kargu gorenak ere izendatuko dituzte.
Beraz, 2023ko ekainetik 2024ko ekainera, trantsiziozko karguak izango ditu Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak.
Aipatu ditugun kargu hauek eguneratzeaz gain, Batzar Nagusiak Bizkaiko ordezkaritzarako bi ordezkari berri berretsi zituen: Josu Imanol Telleriak (Urretxindorra ikastolako ordezkaria) eta Oscar García de Lacalle (Astileku Ikastolakok ordezkaria).