Skip to main content

Plisti-plasta, musikaren erritmora!

Haur Hezkuntzako 4D mailakoen gelan sartu gara oraingoan. Haurrak lurrean dagoen paper zuri zabal bat inguratzen ari dira, urduri, irriari eutsi ezinik. Amantalak jantzita dauzkate eta oinutsik daude, erdi saltoka. Gelaren albo batean, mahai batzuen gainean, koloretako esku-margoak dituzte, eta beste aldean, lau alki eta urez betetako kubo pare bat. Ikuspegi panoramiko bat eginda erraz asmatu daiteke zer egiteko zain dauden.

Iñurria eta Txirrita ipuina lantzen ari direla azaldu du Aitziber Gomez gelako tutoreak, musika klasikoko entzunaldien bidez. Hirutan entzun dute musika txikiek: “Lehenengo aldian, erlaxatuta entzun dute; bigarren aldiz, entzun eta burura zer etortzen zitzaien komentatu dugu”. Kasu honetan, musika melankolikoa dela aipatu du Gomezek, eta gehienek tristea bezala identifikatu dute. Horrek sentimendu ezberdinei buruz hitz egiteko aukera eman die. Azkenik, “hirugarren aldiz, entzuteaz gain, gorputza libreki mugitu dute musikaren erritmora”. Poliki-poliki, paper zuriaren inguruan ibiltzen hasi dira.

Musika gelditu dute, eta esku-margoak dauden mahaietara gerturatu dira. Hiru kutxatxo jarri dituzte, koloreak aukeratu eta margoak nahastu dituzte. Adi-adi daude guztiak, tutoreak kontatzen diena entzuten: udazkeneko koloreak aukeratu behar dituzte ekintza honetarako. Amaitzeko, berriro ere paper zuriaren ertzean elkartu dira guztiak, margoak daramatzaten kutxatxoen atzetik ilaran jarrita. Berriz jarri du musika Aitziberrek, eta kontu handiz, kutxatxoen barruan sartu dituzte oinak, ondo bustitzeko. Ondoren, udazkeneko murala osatu dute koloretako oinatzek utzi duten arrastoekin.

Bueltaka ibili dira, saltoka, momenturen batean begiak ere itxi dituzte. Gustora baino gustorago. Batenbatek bere laguntxoak ikustearekin nahikoa izan du, eta eserita geratu da. Hurrengo batean agian ausartuko da oinekin estanpazioak egitera, bere aztarna utziz.  Bukatzeko, berriro ere ilaran, beste aldeko aulkietan eseri eta oinak urarekin garbitu dituzte, spa baten moduan, eroso-eroso.

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.