Ikus-entzunezkoetan pantaila guztietan euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta, egoera hori “irauli” eta “euskarazko etorkizuna” lortzeko sortu zuten 2021ean Pantailak Euskaraz mugimendua. Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz eta Game Erauntsia ekimen herritarrek, eta Tinko euskara elkarteak eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteak osatzen dute ekimena.
Mugimendutik adierazi dutenez, ikerketek diote euskararen kale erabilera jaisten ari dela Euskal Herriko herri askotan. Kalean ez ezik, ikastetxeetako haurren artean ere gertatzen ari da hori; euskararen erabilerak behera egin du ikasgela, jolastoki zein jangeletan.
Zentzu horretan, ekimenaren arabera, aisialdiak pertsonen hizkuntza ohituretan duen eragin zuzena eta handia kontuan hartzea ezinbestekoa da; izan ere, “eskola euskaraz bizi arren, haur eta gazteek aisialdia erderaz bizi badute, euren heroiak eta erreferente nagusiak erdaldunak badira, horrek euren hizkuntza ohituretan eragin zuzena izango du, eta erdaraz biziko dira etorkizunean”.
Horren aurrean, Pantailak Euskarazetik lanean ari dira egoera hori aldatu eta telebistan, zineman, streaming plataformetan, sare sozialetan eta bideo-jokoetan euskaraz presentzia handiagoa izan dezan.
Ez da lan makala, eta, bidea errazte aldera, pantailen munduan haurrei zuzenduta dauden edukien zerrenda jarri dute eskura, gurasoak ere ekimen horren parte izan zaitezten, eta ikastolatik ere zuekin partekatu nahi dugu zerrenda hori.
Beherago atxikita uzten dizuegu dokumentua.