Batxi 2ko ikasleak zoriontzea tokatzen da oraingoan. Izan ere, ikasturte osoko lan gogorraren ostean, ekainaren 8an, 9an eta 10ean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) egin zuten, eta emaitzak ezinhobeak izan dira. Aurten ere, aurkeztu diren ikasleen %100k gainditu du proba.
Edurne Arkauz Batxi 2ko tutorea pozik dago emaitzekin, nola ez, urte osoko lana islatuta ikusi delako: “Ikasturte hasieratik ari dira proba prestatzen, azterketa-tipoen bidez eta, batez ere, proben iraupena oso kontuan hartuz”. Normala den moduan, ikasle askorentzat kezka nagusia unibertsitatera sarbidea emango dien nota lortuko ote zuten edo ez izan da: “Gainditu dutenek Gradua egingo dute, orokorrean”. Hala ere, ez dute aukera bakarra: “Uztailean bigarren deialdira doazenak ere badira; hauen kasuan, ohikoena Lanbide Heziketara jotzea da”.
Edonola ere, landatutakoa jasotzeko ordua da orain. Irati Batxi 2ko ikaslea da, selektibitatea gainditu eta nahi duen gradua ikasteko nota lortu du. Probaren lehenengo egunean urduritasuna zela nagusi gogoratu du, baina behin martxa hartuta, ez dituzte arazorik izan: “Oso urduri geunden, baina probak ikasturtean zehar landutako azterketen antzekoak zirenez, behin lehenengoa eginda lasaiago geratu ginen”.
Ikasleek merezitako atsedena hartuko dute. Zorionak egindako lan guztiagatik eta gozatu oporrak!