Skip to main content

Araba Euskaraz 2022 ate joka daukagu!

“Aurtengo Araba Euskaraz inoiz baino parte-hartzaileagoa eta komunitarioagoa izango da”

Eider Olabe Armentia Ikastolako lehendakari ordea da, eta Araba Euskaraz antolatu duen talde eragilean buru-belarri aritu da lanean. Aurten, gainera, Arabako ikastolen jaia lurraldeko zortzi ikastolen artean antolatu dute, eta Olabek argi dauka abiapuntu horrekin lortu dena: “Aurtengo Araba Euskaraz inoiz baino parte-hartzaileagoa eta komunitarioagoa izango da”. 

Zortzi ikastolen arteko elkarlana antolatzea ez da gauerdiko ahuntzaren eztula izan, eta horregatik joan den irailean hasi ziren prestaketa lanetan: “Gure kasuan, eta Araba Euskaraz Gasteizen egingo zela ikusita, gunearen kudeaketa egokitu zitzaigun. Hiru gune dira, Pagoa, Haritza eta Ametza izenekoak, behar tekniko eta material ezberdinekin, eta guztia prestatzen aritu gara”.  

Ekainaren 19ari begira lan egiten den arren, urte osoan zehar elikatu beharreko proiektua da Araba Euskaraz-ena, eta horregatik bi azpitalde sortu zituzten Armentia Ikastolan, “ bat espazioen diseinua eta antolaketa egiteko, eta bestea urteko ekitaldiak garatu eta aurrera eramateko”. Gutxi gorabehera berrogei pertsona aritu dira lanean, zenbaki “esanguratsua” Eiderren ustez, “kontutan hartuta jendea bolondres lanetarako mugitzea zein zaila den”. Aste honetan ere, kopuru horren bueltan arituko dira muntaketa lanetan: “helburua argia da, guztiok apur bat egitea, gutxi batzuk dena egin behar ez dezaten”. 

Aurreikuspenen arabera, igandea bero handiko eguna izango da, baina Olabek zera azpimarratu du:  “ez gaitu bereziki kezkatzen, Olarizu leku zoragarria da, gune batetik bestera joatea erraza izango da, eta itzalgune asko daude”. 

Egitarauari dagokionez jai “herrikoia, euskalduna, eta familia guztiarentzako modukoa” prestatu dute antolatzaileek, eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte: haurren basoa, erronkak, bertsolariak, musika… Denetarik aurkituko dute Pagoa, Haritza eta Ametza guneetara hurbiltzen direnek. Bitxikeria moduan Olabek mago “ibiltaria” aipatu du: “Ibiltaria da bere espektakulua leku jakin batean egin beharrean jendearengana hurbildu eta bertatik bertara egingo duelako, gu guztiok aho bete hortz utzita”. 

Laburbilduz: Olarizura hurbiltzen denak egunaz gozatzeko, Araban euskara bultzatzeko eta Trebiñuko Argantzun Ikastola laguntzeko mila modu izango ditu igande honetan.  

Zortzigarren alaba zain izango duzue igande honetan, irribarretsu eta gogotsu!

 

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.