Pandemia hasi zenetik, eta egoerak hala behartuta, on line bidezko hezkuntzak gorakada nabaria izan du ikastetxe guztietan, baita Armentia Ikastolan ere. “Gure kasuan” azaldu digu, “konfinatuta egon diren ikasleek meet bidez jarraitu ahal izan dituzte eskolak”. Aidekok hurbiletik jarraitu duen prozesua izan da, eta bere alde onak onartzen dituen arren, “argi dago egoera honetan lan tresna preziatua izan dela”, ez du uste aurrez aurreko hezkuntza ordezkatu dezakeenik. Ez da bere iritzia bakarrik: ikastolako arduradunek argi daukate ezohiko neurria izan dela ezohiko egoera baterako, eta ez da aurreikusten pandemia bukatzen doan heinean dinamika honek jarraipena izatea, hainbat arrazoi tarteko.
“Lehenik eta behin, aurrez-aurreko hezkuntza delako Armentia Ikastolaren izana” zehaztu du Lopez de Arbinak. “Ikastolara etorri, ikasle eta irakasleekin harremanak sendotu eta errotu, ikasgela barruko eta kanpoko bizitza egin…hauek guztiak ezinbesteko osagaiak dira ikasleen sozializazio eta irakaskuntza prozesuan.”
“Guraso moduan” gehitu du, “lasaigarria izan da konfinatuta zeudenean gure seme alabek meet bidez konektatzeko aukera izatea, baina argi izan behar dugu ez dela gauza bera ikasgelan egotea edo gailu elektroniko baten bidez jarraitzea eskola”.
Hainbat arrazoi daude baieztapen horren atzean: Hasteko, kamerek puntu finko bat hartzen dute, izan irakaslea edo arbela, eta horrek asko zaildu eta baldintzatzen du ikaslearen kontzentrazio ahalmena. Bestetik, parte hartu ahal izatea, galderak egitea edo erantzunak ematea ez da batere erraza suertatzen, eta horren ondorioz, “distantzia fisikoari ikaskuntza zailtzen duen distantzia emozionala gehitzen zaio” Armentia Ikastolako irakaslearen aburuz. Eta bukatzeko, ez dugu ahaztu behar egoera normal batean, etxean geratzen den ikaslea gaixorik egoten dela, “eta hori errespetatu beharreko prozesu bat da. Guraso moduan askotan beldurtu egiten gara astebete edo bi astez kale egiten badute, baina hobe da ondo osatzea eta apurka-apurka martxa hartzen joatea, hala moduz etxetik jarraitzea baino”.
Laburbiltzearren: on line bidezko hezkuntza izan daiteke aurrez aurrekoaren makulu, baina inoiz ez ordezko.