Skip to main content

Arantza Sanchez “Esperientzia zoragarria izaten ari da, umeak maitagarriak dira eta irakasleek euretako bat bezala hartu naute”

Armentiberrirekin hitz egin du, eta esperientzia zoragarri honen gako eta helburuak azaldu dizkigu. 

Zein da garatzen ari zareten proiektuaren helburua? Ze asmo duzue? 

Hasiera batean proiektu pertsonala zen Kenyako eskola batera etortzearena. Kontua da, bidaia prestatzen joan naizen heinean pixkanaka talde proiektua bilakatu dela. Etorri aurretik, Armentia Ikastolako 5 urteko ume guztiei kontatu genien proiektua, eta marrazkiak egitea proposatu genien, hara eramateko. Gogotsu jaso zuten proposamena, eta lan zoragarria egin zuten. 

Gatanga izeneko herri batean gaude, Muranga konderrian. Elkartruke honen lehen zatia marrazkiak hona ekartzea izan da. Bigarren zatia bueltatzen naizenean jasoko dute gure ikasleek. 

Kenyan zauden lehen aldia da? Zelan izaten ari da esperientzia?

Kenya bisitatzen dudan lehen aldia da, eta, egia esan, esperientzia zoragarria izaten ari da, umeak maitagarriak dira, eta irakasleek euretako bat bezala hartu naute, nahiz eta euren mundu ikuskera eta lan egiteko modua oso desberdina izan. 

Bolondres moduan aritzeak beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen dit, eta baita daukagunari eta egiten dugunari balioa emateko ere. Esperientzia honek guztiz asebeteko nauela uste dut, eta argi daukat irakatsiko dudana baina askoz gehiago ikasiko dudala trukean. 

Zer ezberdintasun daude hemengo eta hango bizitzaren aldean?

Eskolan oso baliabide material gutxi dituzte lan egiteko, baina hezkuntza-arloan aritzeko ezinbestekoa dena izan badaukate: ilusioa eta gogoa. Hona etorri aurretik zeuden beharrizanen berri izan nuen, proposamena luzatu nien haur hezkuntzako irakasleei, eta materiala erosteko dirua batu genuen. 

Hala ere, egunerokotasunak behar berriak erakutsi dizkigu, eta horregatik, Agurne Barrusorekin batera, Armentiako langileen artean diru bilketa bat egitea  proposatu genuen, eskolan hobekuntza txiki batzuk egiteko helburuarekin, hala- nola, pertxeroak jartzea, arbelak margotzea... Badakigu aletxo bat dela, baina gure ekarpena egin nahi genuen, merezi dute eta.

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.