Bideo-kopla lehiaketaren helburu nagusia Arabako gazteen arteko euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da, eta era berean, taldeka bertsolaritza eta teknologia uztartuz gazteak sortzera bultzatzea.
Horretarako, 14 urtera arteko gazteek hiru eta sei kopla artean osatu behar izan dituzte taldeka, eta gero, kopla horiek bideo batean bildu. Koplak eta bideoa osatzeko gai bat ezarri zaie, guztiei bera. Hauxe izan da aurtengo gaia: bihurrikeriak.
Parte-hartzaileek azaroaren 19ra arteko epea izan zuten ALEAra haien koplak bidali ahal izateko, eta honen ostean, ALEAko web orrian egon ziren ikusgai azaroaren 29ra arte. Bitarte horretan, bideoak ikusi eta bozkatu ahal izan ziren. Lehiaketak bi sari mota izango ditu. Batetik, bideorik bozkatuenak sari bat jasoko du, eta bestetik, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk bideo bana aukeratuko dute saritzeko.
Honakoak izango dira sariak: - Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Eskape Room bat. - BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat. - ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat. Sari-banaketa abenduaren 2an egingo da, arratsaldeko 19:00etan Gasteizko Salburua gizarte etxean. Sari-banaketaren aurretik bertso-saio bat ere izango da Amets Arzallus, Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Irati Anda bertsolariekin. Gonbidapenak doakoak dira. Armentiako ikasle ugarik ere hartu dute parte bideo-kopla lehiaketan, eta sariren bat ere irabaziko dute akaso. Zorte on guztioi!